Koronabirusaren pandemiak eragindako egoera benetan zaila izan da lurraldeko udalerrietako ekonomiarentzako. Hala ere, ostiral honetan, uztailak 30, Getxoko Udalbatzak 2020ko ekitaldiari dagokion udalaren Kontu Orokorra onetsi egin du.

EAJ/PNV eta PSE-EE alderdien aldeko botoekin eta PP-ren, EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen abstentzioekin, onetsi egin da gaur 2020ko ekitaldiari dagokion udalaren Kontu Orokorra, pandemiak eta osasun alarmak baldintzatua eta 2020ko martxotik aurrerako gizartearen eta ekonomiaren funtzionamenduan eragina izan zuena.

“Udal zerbitzu batzuk, bereziki aisia eta kirol jarduerekin lotutakoak, nahitaez eten behar izan ziren. Hala ere, udal diru-sarrerak ondo portatu ziren. Pandemia iritsi aurreko dinamismo ekonomikoa aprobetxatu ahal izan genuen EIOZ eta Plusbalio zergen likidazioen aurreikuspenak hobetzeko. Hala, 2019ko 38 milioi eurotatik 2020ko 41era igaro ginen”, adierazi du Ogasun zinegotzi Inaxio Uriartek.

Pandemiak eragina izan zuen beste herri administrazio batzuetatik datozen diru-sarreretan (54,3 milioi 2019an, eta 49,4 2020an), eta sarrera arrunten jaitsiera garbia %2koa izan zen. “Hau da, 2020a bezalako urte batean, udal diru-sarrera arruntak egonkortzea lortu genuen. Hala, udal zerbitzuen jasangarritasuna bermatu dugu epe ertain-luzera”, adierazi du Uriartek.

Bestalde, jomugei eta gastuei dagokienez, udal transferentziak ia % 11 areagotu ziren herritarrentzako diru-laguntzak igo izanaren ondorioz: pertsona behartsuak, elkarteak, kirol klubak, Getxoko jarduera ekonomikoa eta kultura, enpresa txikiak eta hainbat jarduera sektoretako autonomoak. Zorpetzea ez zen beharrezkoa izan.

DIRULAGUNTZEN PLAN ESTRATEGIKOAREN ALDAKETA

Bestalde, oniritzia eman zaio diru-laguntzen plan estrategikoaren aldaketari, “diru-laguntzaren zenbait ildo estrategiko eguneratzeko eta bateratzeko, eragindako kolektiboei eta elkarteei zerbitzu hobea emateko asmoz”, agertu du udal gobernuak. Bestalde, EH Bilduk ez du plana babesten, “murrizketak berresten dituelako eta ez delako oposizioarekin eztabaidatu”. Argudio horrekin bat dator Elkarrekin Podemos. Azken alderdi horrek uste du, gainera, “kolektiborik txikienen ikusezintasuna dakarrela eta elkarterik handienen mesederako dela”.

Horrez gain, gaurko saioan 45.000 €-ko kreditu gehigarria onetsi da, Getxo Herri Kirol Taldeari Sokatirako Munduko Txapelketa antolatzeko emandako diru-laguntza gisa. Txapelketa Faduran izango da irailaren 15etik 19ra. Bestalde, 41.500€-ko kreditu transferentzia onetsi da udalerriko pertsona nagusien hiru elkarteei diru-laguntzak emateko: Ajane (9.000 €), Ibar Nagusien Etxea (24.500 €) eta Urtealaiak (8.000 €).

MOZIOAK

Mozioen kapituluan, testigantza-izaerarekin, lau onartu dira, horietarik bi aho batez. Lehena, Elkarrekin Podemosek aurkeztutakoa eta EAJ/PNVek eta PSE/EEk transakzionatuta, eta horretan Udalak konpromisoa hartzen du, Ura - Getxoko Udala lankidetza protokolotik eratorritako jarduketa planaren baitan, Bolueko hezeguneko 1. baltsa gaztetzeko eta berreskuratzen ahalegintzeko, Urak egikaritu beharreko lehentasunezko jarduketa gisa. Bizkaiko Foru Aldundiari horren berri emango zaio, bere eskumenen baitan beharrezko ekintzak egin ditzan, prozedura hau aurrera eraman ahal izatea errazteko.

Aho batez onartutako beste mozioak, Elkarrekin Podemosek aurkeztuta eta EAJ/PNVek eta PSE/EEk transakzionatuta ere, Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio, Emakunderekin eta beste eragile sozial batzuekin kolaboratzeko, hilekoaren inguruko osasunari eta higieneari buruzko azterketa espezifiko bat egiteko, ikuspegi integral eta intersekzionaletik begiratuta, pobrezia eragiten duten faktore ugariak, pobrezia horrek emakumeen bizitzan eta giza eskubideetan duen eragin kaltegarria eta egoera ahulenean dauden kolektiboen egoera aztertze aldera; diagnostikoa egitea ahalbidetuko duena, eta gomendiorekin eta/edo aurrera eraman beharreko politika publikoetarako orientaziorekin. Era berean, plangintza arruntean hilekoaren higienea bermatzeko eta sexu- eta ugalketa-eskubideak baliatzean pobrezia eta desberdintasuna sortzen duten egiturazko faktoreak desagerrarazteko beharrezkoa den perspektiba sartzea eskatzen zaio, bai eta hilekoaren higiene-produktuen kostua murrizteko edo doan izateko ekimenak bultzatzea eta babestea ere.

PPk aurkeztu eta Elkarrekin Podemosek transakzionatutako beste proposamen bat ere aurrera atera da. Horretan eskatzen da plazetan, bide publikoetan edo udal instalazioetan aldizka produktu zaharren, bilduma produktuen edo bigarren eskukoen azoka publikoak sortzea aztertu eta baloratzea; eta baita abian jarri ahal izateko auzokideen elkarteak eta kolektiboak aintzat hartzeko ere.

Azkenik, EH-Bilduk aurkeztutako mozio bat onartu da, besteak beste, hurrengoak eskatzen dituena: autokontsumo elektrikoko plan bat sortzea udal-eraikin guztietan, eguzki-energia eta beste energia berriztagarriak erabiliz; plana hastea sektoreko adituekin eta udal teknikariekin, 2022ko aurrekontuetan kontuan izateko eta 2023an gauzatu ahal izateko, eta diru-laguntzen partida bat sortzea udalerriko etxebizitza eta enpresetan energia berriztagarriak instalatzeko.