EMAKUMEA izan zen 2018ko jaietako kartelen protagonista bakar eta nagusia. Emakumeak balioestea eta festen antolaketan duten presentzia nabarmentzea izan zen momentuko helburua eta nola ez, berdintasunean eta tolerantzian oinarritutako jaiak burutzea.

2018ko jaietako kartelaren egilea Zornotzako Pintzelak elkartea izan zen. Urte horretan, Zornotzako jai-batzordeak kartelen diseinua parte-hartzailea egitea erabaki zuen, eta, horretarako, kartela egiteko ardura arte plastikoekin lotutako herriko talde bati ematea erabaki zuen.

Horrela, Pintzelak Elkarteko kideek hartu zuten enkargua eta elkartearen helburua emakumearen papera balioan jartzea izan zen, beti ere, jaiei begirako kartela dela kontuan hartuta. Marrazketarako hainbat teknika erabili zituzten, emakume baten irudia marraztuta eta akuarelak, baina batik bat kolor urdin eta lilek markatu zuten duela bi urteko kartelaren forma eta edukia.

Zentzu horretan, 2018ko Karmengo eta Santanatxu jaietako pregoilariekin eta urte guztian izan zen emakumeen mugimenduarekin bat zetorren kartela ere izan zen. Udalak Zornotzako jaietan ere eraso sexistarik ez! Erasotzaileak kanpora lelopean, tolerantzian, errespetuan eta berdintasunean oinarritutako erasorik gabeko Karmengo jaien aldeko apustua egin zuen.

Horrela, eta emakumea erreferentzia izanda, urteko pregoilariak ere emakumeak izan ziren. Hain zuzen ere, emakume solidarioen txanda izan zen. Udalerriko hainbat gizarte kolektibo ordezkatuko dituen emakume-talde batek eman zuen jaien hasiera. Ongi Etorri Errefuxiatuak, Caritas, Udalen, Kidenda eta Minbiziaren aurkako Espainiako Elkarteko kideak.

Emakumeak gure gizartean duen garrantzia eta balioa ematea izan zen helburua eta egunerokoan eginiko ahalegina eta lana ezagutzera ematea.