AMOREBIETA-ETXANO. Atzo, maiatzak 12, Amorebieta-Etxanoko herritar guztien artean koronabirusarengandik babesteko maskara berrerabilgarriak banatzen hasi zen udalak. Maskarak herriko jostunek ekoitzitakoak dira, osasun larrialdia hasi zenetik euren interesik gabeko laguntza eskaini baitzuten. Ekimen horri esker, aste honetan zehar herritar guztiek euren postontzietan jaso ahal izango dituzte dagozkien maskarak, boluntario sareak banatuko dituenak.

Kalitate eta babes maila handiko maskarak dira. Ehundu gabeko ehunarekin eginda daude, hain zuzen ere maskara hauek egiteko gomendatzen den materialarekin. Ehuna AITEXek egiaztatu du (2020TM0607), maskara higieniko berrerabilgarriei buruz UNE0065 zehaztapena jarraituz. Hidrofugoak eta berrerabilgarriak dira, hezetasuna ekiditen dute, eta 30 aldiz garbitu arren, propietate guztiak izaten jarraituko dute. Gainera geruza biko iragazkia daukate josita.

Bereziak dira Amorebieta-Etxanoko jostunek kanpoko geruza jarri diotelako, maskara bakoitza desberdina bihurtuz eta moda puntu bat emanez. Maskara mota bi josi dituzte: bat 14 urtetik beherakoentzat eta bestea gainontzekoentzat.

Amorebieta-Etxanoko Udalak babes elementu garrantzitsu bat herritarren eskura jarri du, baina gogoraraziz hau erabiltzea ez dela nahikoa osasun segurtasuna bermatzeko. Horregatik Amorebieta-Etxanoko Udalak gogorarazten du maskara erabiltzeaz gain, bestelako neurriak ere hartu behar direla, esate baterako, eskuak garbitu, gel desinfektantea erabili eta une oro pertsonen arteko segurtasun distantzia gorde.