Egun hauetan Miribillako Bilbao Arenan ospatzen ari diren kontzertuak direla eta, Bilboko Udalak Bilbobusen zerbitzua indartzeko erabakia hartu egin du, ikusleen artean garraio publikoaren erabilera sustatzeko. Hala, irailaren 2, 3, 4, 5 eta 10ean, Plaza Biribilaren ingurutik Bilbao Arenara joango diren autobusak irtengo dira.

Horrela, irailaren 2, 3, 4, 5 eta 10ean, E7 lineak Plaza Biribiletik aterako da 20:00etatik 10 minutuko maiztasunarekin. Igandean, irailak 5, autobus zerbitzua 19:00etan hasiko da, kontzertua ordu bat lehenago hasiko delako.

Kontzertuak amaitzerakoan, autobusak Bilbao Arenatik (Askatasuna/Parkea) abiatuko dira Plaza Biribileraino, Erriberako Merkatutik eta Areatzako zubitik igarota. Zerbitzu hori ere 10 minututik 10 minutura emango da geralekuan jendea geratzen den bitartean.

Beste alde batetik, erabiltzaileak hiriko beste alderdi batzuetara garraiatzeko zerbitzua bizkorrago emateko, 30, 71, 75 eta 76 autobus-lineek beren ibilbidea aldatuko dute kontzertuaren ondorengo minutuetan, Zabalburu / Hurtado de Amezagan geraldi bat egingo baitute.

Bilbobus ez da garraio publikoaren aukera bakarra. Horregatik, Bilboko Udalak gogorarazten du Bilbao Arenatik 500 metroko inguruan badirela metro-, tren- edo tranbia-geralekuak, hiriko auzo guztiekin eta hurbileko herriekin konektatuta daudenak. Gainera, taxi-geraleku bat ere jarri da Askatasuna etorbideko 11 zenbakian.

Informazio gehiago eskura daiteke geralekuan, 010 informazio-telefonora deituz edo udal-webgunearen Bilbobus atalean kontsultatuz.