BILBO. Bilboko Arte Ederren Museoa handitzeko eta berritzeko proiektua gertuago dago gaurtik aurrera, Bilboko Udaleko udalbatzarrak behin betiko onartu baitu proiektua gauzatzeko Plan Berezia.

Dokumentua ekainean aurkeztu zen Plangintzako Aholku Batzordean, eta, ondoren, uztailaren 29an, Gobernu Batzordeak hasierako onarpena eman zion. Hasierako onarpenaren ondoren, jendaurrean jartzeko aldia hasi zen eta aldi horretan alkegazio bi egin ziren; gaurko batzarrean ezetsi egin dira horiek ere.

Plan Bereziak administrazio eskudunen edo eraginpekoen aldeko txostenak ditu (Abiazio Zibila, Ur Partzuergoa, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila eta Garraio Saila...), eta Obretako, Hiri Plangintzako eta Proiektu Estrategikoen Sailak planaren edukia ontzat ematen duten udal-txostenak ere eskatu ditu.

Orain arte, Arte Ederren Museoa 1998an onartutako Plan Bereziaren arabera antolatzen zen arlo urbanistikoan, orduan egin baitzen azken zabalkundea. 2019an, nazioarteko lehiaketa baterako deialdia egin zen, museoaren egungo erakusketa-beharrak handitzeko eta egokitzeko aukera emango zuen proiektu bat hautatzeko. Irabazlea Foster+Partners & LM Uriarte Arkitektura ABEE izan zen, eta horren arabera idatzi da Plan Berezi berria.

Plan horretan proposatu den antolaketak helburu hauek ditu:

  • Arriaga patioa errespetatzea, museoaren zerbitzurako espazio legez.
  • Chillida plaza errespetatzea, museoaren zerbitzurako espazio legez.
  • Zuhaitzik handienak zaintzea.
  • Lehendik dauden eraikinak errespetatzea, eta handitzearen ondoriozko espazioak eta erabilerak integratzeko eta berrantolatzeko egin beharreko esku-hartzeak proposatzea.
  • Museoko jatorrizko sarrera berreskuratzea, lehenengo eraikinaren sarreratik.

Horiek oinarri hartuta, Arte Ederren Museoa handitzeko eta berritzeko proiekturako Plan Berezian esku-hartze nagusiak hauek izango dira:

  • Bolumen eraiki berri bat sortzea, 2 solairukoa; Arriaga patioaren eta egungo museoaren estalkiaren gainetik, mendebaldeko fatxadaren gainean.
  • Jatorrizko sarrera berreskuratuko da, mailadi berri bat eginez, irisgarritasunari konponbidea emanez.
  • Sarreraren eta Arriaga patioaren arteko lotura jatorrizko eraikinaren hegoaldeko fatxada urratuz egingo da, eta patioari beirazko itxitura egingo zaio.
  • Eraikina husteko eskailera berri bat eraikiko da, ekialdeko fatxada handitzeko osagaiaren ertzean bermatuz.
  • Eta egitura eroale bi eraikiko dira, bai Arriaga patioaren kanpoaldean, bai mendebaldeko fatxadaren kanpoaldean.

Edukiari dagokionez, planak dio ez dela aldatuko museoari atxikitako partzelaren eremua, eta eraikigarritasun baimendua 148 metro koadro handituko dela sestraren petik, eta 7.400 metro koadro baino gehiago sestraren gainetik.