BILBO. Bilbok Ekonomia Lankidetzarako eta Garapenerako Erakundeak (ELGE) antolatutako Hazkunde Inklusiboaren aldeko alkateen sarearen topaketa jasoko du datorren urtean. Hala, 2021eko martxoaren 29tik 30era, topaketa esanguratsu honen bosgarren edizioan hiriaren ekonomiaren hazkunde inklusiboa sustatzeaz eta desberdintasunak amaiarazteko konponbide praktikoak trukatzeko moduaz arituko dira parte hartzaileak.

Hitzorduak axola handiagoa izango du oraingoa bezalako krisi egoeran, zeina mundu osoko ekonomiak eta gizarteak pairatzen ari baitira. Bileraren xedea izango da ikuspegiak, praktikak eta etorkizuneko ereduak partekatzea ekonomia bere onera etor dadin sustatzearren eta, hala, herritarren bizi kalitatea hobetzearren, desberdintasuna urrituz eta klimaren aldaketaren krisiari aurre eginez.

Era berean, topaketan zehar, ELGEk argitara emango du Bilbo uriaren gaineko txosten bat, analizatuz zeintzuk diren hazkunde inklusiboaren arloan dituen alderdi sendo nagusiak eta zeintzuk osasun krisiaren ostean oneratzea sustatzeko hobekuntza arloak.

BLBO ELGE SAREAN

2018an, Bilbo, ELGEren ekimenezko Champion Mayors for Inclusive Growth sareko kide bihurtu zen; sare hori 60 alkatek osatzen duten koalizio bat da, eta desberdintasunei ekin nahi die eta hirietan ekonomiaren hazkunde inklusibo bat sustatu. Aurreko lau edizioetan, sarearen egoitza izan dira: Atenas, Seul, Paris eta New York.

Sarean egiten den lan horren bidez, politika eraginkor eta berritzaileak aurkitu nahi dira hezkuntzaren, etxebizitzaren, lan merkatuaren, azpiegituren eta zerbitzu publikoen arloetarako, herritarrentzat bizi kalitate on bat bermatzearren eta aukera berdintasuna sustatzearren