BILBO. "Aste Santua kirolez blai" eta "Kanpus Bereziak" programetan izena emateko epeak bihar irekiko dira. Izena emateko, www.bilbaokirolak.com web-orria erabili daiteke, edo udal kiroldegietako makinak.

'Aste Santua Kirolez Blai' 6 eta 13 urte arteko umeentzat da. Hainbat modalitate jokatzeko aukera izango dute: badmintona, taldeko kirolak (saskibaloia, eskubaloia, areto futbola), areto hockeya, uretako jolasak eta aretoko jolasak besteak beste, apirilaren 6, 7 eta 8an, eta 14, 15, 16 eta 17an, goizez, 9:00etatik 14:00etara. 8:30etik aurrera sar daiteke umeak.

Programaren prezioa, Bilbao Kirolakeko bazkideentzat, 10,40 eurokoa da egunean. Abonatu ez direnentzat, aldiz, 12,50 eurokoa egunean.

Izena emateko, www.bilbaokirolak.com web-orria erabili daiteke, edo udal kiroldegietako makinak. Izena emandakoan, galdetegi bat bete eta kiroldegi egokian eman beharko da, edo kirtec@kirolak.bilbao.eus web-orriaren bidez bidali.

'Aste Santua Kirolez Blai' programa Deustuko, San Inazioko eta Txurdinagako kiroldegietan egingo da, egunean 120 plazarekin. Hau da, guztira 840 plaza egongo dira.

Gainera, horiei beste 42 plaza gehitu behar zaizkie, sei plaza egunean, San Inazioko kiroldegian, dibertsitate funtzionala duten pertsonentzat erreserbatuak. Kasu horretan, interesdunek Kirol Egokituaren Euskal Federaziora deitu beharko dute (622 022 063) izena emateko.

PALAKO, GIMNASIAKO ETA DANCE NOW-KO KIROL KANPUSAK

Kanpus Bereziak programak hiru kirol eskaintzen ditu zenbait udal kiroldegitan: pala eta erraketa, arte eta kirol gimnasia eta tranpolina, eta Dance Now.

Txurdinagako kiroldegian, arte eta kirol gimnasiaren eta tranpolinaren kanpusa egingo da apirilaren 6tik 8ra, goizez, 9:00etatik 14:00etara. Jarduera hauek 9 eta 18 urte arteko gimnastentzat dira. Arte eta kirol gimnasia eta tranpolina egin ahalko dituzte, modalitate eta maila guztietan, eta zenbait jarduera osagarri ere bai (prestaketa fisikoa eta gorputz adierazpena).

Kiroldegi berean, Txurdinagan, apirilaren 14tik 17ra, 9:00etatik 14:00etara, Dance Now kanpusa egingo da, 8 eta 18 urte arteko dantzarientzat, zenbait estilotako dantza modernoko eskolekin: komertziala, hip-hop, eta beste jarduera osagarri batzuk, hala nola balleta eta gorputz-adierazpena.

Azkenik, Artxandako kiroldegian palako eta erraketako kirolen kanpusa emango da apirilaren 6, 7 eta 8an eta 14, 15, 16 eta 17an, 6 eta 14 urte arteko umeentzat. Tenis eta padeleko entrenamendu intentsiboak egingo dira, hastapen eta hobekuntza mailetan. Modu berean, jarduera osagarriak egingo dira, hala nola frontenisa, badmintona eta squasha.

Kanpus berezien prezioak:

3 egun (apirilaren 6tik 8ra), Bilbao Kirolakeko bazkideentzat: 46,65 €, eta Bilbao Kirolakeko bazkide ez direnentzat: 111,45 €.

4 egun (apirilaren 14tik 17ra), Bilbao Kirolakeko bazkideentzat: 62,20 €, eta Bilbao Kirolak-eko bazkide ez direnentzat: 148,60 €

GUNEBERRI, KIDEBERRI ETA GAZTEKLUBA

Bilboko Udalak, modu berean, umeentzako aisiako programak jarriko ditu martxan Aste Santuan: Guneberri eta Kideberri, 5 eta 11 urte arteko umeentzat, barrutietako udaltegietan egingo direnak.

Interesa duten familiek eskola-oporretako bi asteetako bat aukeratu ahal dute denboraldi horretan.

Guneberri programak guztira 552 plaza eskaintzen ditu 5 eta 8 urte arteko umeentzat (2011-2014): 276 plaza astean. Kideberri-k, ostera, 135 plaza eskaintzen ditu astean 9 eta 11 urte arteko neska-mutilentzat (2008-20109); guztira 270.

Edizio honetan, "Conociendo Bilbao / Bilbo ezagutuz" da programa hauen bizkarrezurra, eta umeek hiria berriro deskubritzea da helburua, lehen ezagutzen ez zituzten txoko eta pertsonaietara hurbilduz.

Parte-hartzaileek apirilaren 6tik 8ra (astelehenetik eguaztenera) edo apirilaren 17tik 21era (martitzenetik barikura) erabili ahalko dituzte espazio horiek, 9:00etatik 14:00etara, Deustuko, Castañoseko, Otxarkoagako, Begoñako, Alde Zaharreko, Abandoko, Iralako, Basurtuko eta Zorrotzako udaltegietan. Sartzeko ordutegia malgua izango da, 9:00etatik 9:30era.

Programa hauetan parte hartzeko eskaera, interesa izanez gero, martxoaren 2tik (astelehena) 5era (eguena) egin dezakete, www.bilbao.eus webgunearen bidez, udal informazioko 010 / 944 010 010 telefonoaren bidez, edo udaltegietako eta San Agustin eraikineko "Bilbao Click"-en bulego elektronikoetara etorrita, udal weberako sarbidea ematen duen botoia sakatuz.

Jendaurreko zozketa martxoaren 6an egingo da, eta hurrengo egunetik aurrera emaitzak kontsultatu eta izena eman ahalko da (martxoaren 11ra arte), eskaerak egiten diren toki berberetan.

Izena emateko prezioa 16,20 eurokoa da, 10,75 eurokoa familia ugarientzat, edo 6 eurokoa Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen dutenentzat. Kasu guztietan, prezioak astebeterako dira.

Nerabeentzat ere jarduerak izango dira Aste Santuko eskola-oporren egunetan Gaztekluba programari esker. Askotariko jarduerak izango dira: Bilbotik kanpora irteerak, dantza erakustaldia eta lehiaketak, kirola eta programa bat; 4 eguneko jarduera goizetan. Jarduera hauetarako izen-emateak martxoaren 16tik 23ra izango dira.