BILBO. Hurrengo asteazkenean, urtarrilak 15, arratsaldeko 19:00etan, 'Neandertales y Cro-mañones: dos humanidades, dos destinos' izeneko solasaldia hartuko du Bidebarrieta Kulturguneak. Bertan, Giza Paleontologian doktorea den Asier Gómez Olivenciak bi espeziei buruz arituko da. Hitzaldira joateko sarrera doakoa izango da, baina ezinbestekoa da aldez aurretik gonbidapena hartzea. Gonbidapenak Bidebarrietako liburutegian eskuratu ahal izango dira bihartik aurrera.

Ehunka mila urtez hainbat izan dira Lurrean bizi izan diren giza espezieak. Gaur egun, ordea, gure espeziea (Homo sapiens) da lurrazalean bizi den giza leinuko espezie bakarra. Neandertalak kontinente zaharrean bizi izan ziren ia milioi erdi urtez, ondoren, duela 45.000 urte eskas Europara iritsi zen gure espezieari bidea uzteko. Bi espezie horiek Ekialde Hurbilean gurutzatu ziren, eta milaka urtez antzeko teknologiak izan eta antzeko kultur ezaugarriak erakutsi zituzten. Biek utzi zuten euren arrastoa Euskadin. Gaur egungoa bezalako garaia izan zen, orduan ere klimaren aldaketarekin erlazionatutako arazo handiak baitziren. Izan ere, ez dugu ahaztu behar desagertzea ez dela gizakiak inoiz ezagutu gabeko zerbait.

Asier Gómez Olivencia Giza Paleontologian doktorea da, garezur ondoko eskeletoen analisian aditua, eta Cambridgeko Unibertsitatean eta Frantziako Historia Naturaleko Museo Nazionalean egin ditu ikerketa lanak. Ramon y Cajal ikertzailea da, eta 2014an UPV/EHUko Estratigrafia eta Paleontologia Sailean sartu zen Ikerbasque ikertzaile gisa. Nazioarteko ikerketa-taldeetan parte hartu du, bai ikertzaile gisa, bai talde zuzendari gisa. Zuzendutako ikerketen artean aipatzekoak dira Iberiar Penintsulan Pleistozenoan elur-oreinen presentzia ikertzeko egindakoa edo Kebarako aztarnategiko (Israel) hondakin fosilekin neandertal baten toraxa 3Dn berreraiki izana.

Hitzaldia, Bidebarrieta Zientifikoaren urteko programazioaren barruan dago. Ekimenak beste programa batzuk ere jasotzen ditu “Darwinen Eguna” -hori ere UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak antolatutakoa-, besteak beste, zientzia jende guztiari, era atseginean eta didaktikoan hurbiltzeko eta egunerokotasuna duten zientziari buruzko gaiak ezagutarazteko helburuarekin.