BILBO. Meltxor, Gaspar eta Baltasarrek lan handia dute aurretik. Baina, ohiko ibilbidea Bilboko kaleetatik egin eta egun batera, hiria prest dago dagoeneko urteko gau magiko eta jendetsuenetako bat hartzeko. Bilboko Udalak uria bere magia, fantasia eta ilusioz betetzeko prestaketak amaitu ditu. Urtarrilaren 5eko 18:00etatik aurrera, kabalgata urian zehar ibiliko da musikaz eta kolorez beteta.

Aurten, kabalgataren gai nagusia Julio Verneren bidaia fantastikoak dira, "Ezohiko bidaiariak" izenburupean. Sorkuntza berria, berritzailea eta ikusmen-karga handikoa da, eta amets egitera gonbidatzen gaitu, egilearen mundu zoragarri, aparteko makina eta asmakizun eta pertsonaia antropomorfizatuen bidez. "Ezohiko bidaiariak" jakin-minaren, abenturaren, aurkikuntzaren eta ezagutzaren jatorrian dago eta susmatutako beste mundu batzuetako ateak irekiko dizkigu. Horregatik, haurrak, familiak eta, oro har, publikoa Verneren obra adierazgarrienen esploratzaile bihurtuko dira, lehorrez, itsasoz, airez, espazioz eta denboraz.

Horrekin guztiarekin batera, artista, dantzari, figurante eta segurtasuneko, antolakuntzako eta garbiketako langile teknikoak. Guztira, 400 lagun baino gehiago ibiliko dira lanean magiak Uriko kaleak har ditzan. Gainera, Su-hiltzaileetako eta Bilboko udaltzaingoko taldeek ere zainduko dute dena ondo atera dadin ezbeharrik gabe, eta antolaketako eta Udalaren Garbiketa Zerbitzuetako kideek ere ahalegin guztiak egingo dituzte dena txukun uzteko kabalgata igaro ondoren.

KABALGATA, MINUTUZ MINUTU

18:00: Kabalgata abiatzea, Kale Nagusitik, Maria Diaz Harokoarekin kantoi egiten duen lekutik.

19:30: Lehenengo karroza iritsiko da Udaletxera.

19:30: Juan Mari Aburto alkateak harrera egingo die Errege Meltxor, Gaspar eta Baltasarri.

19:50: Udaletxearen eraikin nagusiko balkoitik agur egitea.

20:10: Harrera egitea umeei Arabiar Aretoan.

ALKATEAREN HARRERA ERREGE MAGOEI UDALETXEAN

Kabalgataren ostean, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Itziar Urtasun Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotziarekin batera, Ekialdeko Errege Magoak hartuko ditu udaletxeko sarrera nagusian, eta bertako balkoitik ohiko mezua emango dute. Ondoren, 20:10ean, umeek, hala nahi badute, aukera izango dute haiek bertatik bertara ezagutzeko Arabiar Aretoan, harrera egingo baitiete erregeek, gau hain magiko horretarako beren gurari guztiak entzunez. Meltxor, Gaspar eta Baltasar agurtzeko itxaronaldia atseginagoa egin dadin, Udalak animazio talde bat aurreikusi du, ilara egiten duten familiekin jolasteko.