BILBO. Betolaza eta Uretamendiko igogailuak hobetzeko lanak egingo dira martxoan. Martxoaren 4an Uretamendiko igogailuko zerbitzua aldi baterako etengo dea, eta martxoaren 11n, Betolazakoa. Modernizazio lanak bakoitzak astebete iraungo du.

“Igogailu hauek jendeak erabiltzeko egin ziren lehenengoak dira. Betolazakoa 2007an egin zen, eta Uretamendikoa 2009an. Horregatik, beharrezkoa da berriztatzea, oso erabiliak baitira. Berrikuntza hau gainerako instalazioetan ere egin beharko da, datozen urteetan, modu mailakatuan”, esan du Alfonso Gil Bilboko Udaleko alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasun zinegotziak.

Igogailu horiek modernizatuz, hobekuntzak egingo zaizkie, esate baterako, aire egokitua, LED argiak, bandalismoaren aurkako botoiak, eta abar. Kabinak eta segurtasun-elementuak goitik behera berriztatuko dira, eta igogailuak, oro har, erosoagoak izango dira. Bi igogailu hauetan, bestalde, “indukziozko bukleen” sistema jarriko da. Horrela, interfonoa erabiltzea errazagoa izango da entzumen arazoak dituzten erabiltzaileentzat eta igogailuen irisgarritasuna hobetuko da beraz.

Uretamendiko igogailuak Errekalde (Leon de Uruñuela kalea, 8) eta Uretamendi (Ingurubide errepidea, 12) komunikatzen ditu, eta 2009an inauguratu zenetik 2.208.204 bidaia egin ditu. Egunean 2.497 bidaiari eramaten ditu, batez beste. Betolazako igogailua Uretamendi (Ingurubide errepidea, 13) eta Betolaza (Betolaza auzoa, 15) komunikatzen ditu, eta abian jarri zenetik 2.738.334 bidaia egin ditu. Egunean 2.019 bidaiari eramaten ditu, batez beste.

Bilboko Udalaren Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailaren barruan dagoen Artxandako Funikularraren Sozietatea da instalazioen mantentze-lanak, zaintza eta gainbegiratzea egiteko arduraduna. Guztira 39 igogailu eta 20 arrapala eta eskalera mekaniko dira, 5 lekutan.