Galdakaoko Udalak herriko ostalaritza-establezimenduen terrazen handitzea urtarrilaren 28ra arte luzatzeko erabakia hartu berri du.

Pandemiaren eraginak arindu, kutsatzeak saihestu eta ostalaritzari laguntzeko helburuz, terrazak handitzea onartu zuen iaz Udalak, eta terrazengatik ordaindu beharreko tasetan hobari handiak eman zitzaizkien.

Hori baimentzen zuen dekretua 2021arekin batera amaitu zen, eta beraz, ez-ohiko handitze horiek amaitu egingo zirela iragarri zuen Udalak. Eusko Jaurlaritzak, baina, taberna eta jatetxe barrualdeetako aforoak mugatu egin zituen gerora, eta, horren aurrean, malgu jokatzea eta terrazak handituta mantentzeko aukera ematea erabaki du Galdakaoko Udalak. Honakoak dira dekretu bidez onartu dituen neurriak:

1.- Bide publikoa terraza eta mahaiekin okupatzeko Alkatetzak dekretu bidez emandako baimen berezia luzatzea erabaki da. Baimena 2022ko urtarrilaren 28ra arte luzatu ahalko da, edo osasun agintaritzak barnealdeetako edukiera mugatzeko adostu ditzakeen luzapenek irauten duten bitartean. Gogoratu gaur egun %60ra mugatua dagoela barnealdeetako edukiera.

2.- Baimenak balioa izan dezan, osasun agintariek jarritako baldintza guztiak eta alkatetzak dekretuan jasotakoak bete beharko dira.

3.- Terrazen handitzeen ondoren, terrazengatik ordaindu beharreko tasei hobariak ematea onartu zuen Udalbatzak 2021eko ekainean, baina ordenantza hori ere 2021 urterakoa zen, iraungi egin da, eta beraz, indarrik gabe geratu da. Ondorioz, baimendutako terrazek zein handitzeek tasaren % 100 ordainduko dute, inolako hobaririk gabe.

4.- Baimenaren luzapena eta tasaren likidazioa automatikoki egingo dira, establezimenduei banan bana helaraziko zaien jakinarazpena egin eta 15 eguneko epean aukera idatziz atzera botatzen ez bada. Atzera eginez gero, berehala utzi beharko zaio 1944/2021 Dekretuaren bidez ezohiko moduan gaitutako espazioa okupatzeari, eta instalazioen ondorioz bide publikoan sortutako kalteak ere berehala konpondu beharko dira.

Barnealdeko edukiera berreskuratzen denean terrazen ez-ohiko handitzeari amaiera emango zaiola jakinarazten da. Udalak sentitzen du eragiten ari diren kalteak, baina guztion hobe beharraren eta orekaren alde hartutako neurriak direla ulertuko delakoan, egiten ari diren ahalegina eskertzen die herritar guztiei.