Etxebarrik balkoiak apaindu eta argiztatuko ditu berriro, arrazoi solidario batengatik. Kasu honetan, honen bidez bildutakoa Julene izeneko udalerriko haur bati laguntzeko izango da, Rett-en sindromea daukana. Balkoi Solidarioak ekimena iaz egin zen lehen aldiz, eta arrakasta handia izan zuen.

Batez ere, Etxebarriko Udalak Gabonetarako apaintzen den udalerriko balkoi bakoitzeko diru kopuru bat ematean oinarritzen da. Horrela, aurten ere, Etxebarriko Udalak Balkoi Solidarioen ekimena abian jarri du berriro. Esan bezala, bizilagunak balkoiak apaintzera animatzen dituen proiektuaren bigarren edizioa da aurtengo gabonetakoa, kaleak apaintzeaz aparte alderdi solidarioa ere sustatu nahi delako.

Oraingo honetan proiektu hau udalerriko Merkatari eta Profesionalen Elkartearen laguntzaz baliatzen da, izan ere, “kanpainarekin bat egiten duten saltokiek 350 argiztapen-sorta baino gehiago zozketatuko dituzte bezeroen artean”, etxebarritarrek beren leiho eta balkoiak janzterakoan, Balkoi Solidarioak ekimenean parte hartu ahal izan dezaten, azaldu dute Udaletik.

Aurten ere, Udalak 5 euro jarriko ditu apainduta dagoen balkoi bakoitzeko (4.000 euro gehienez). “Julene neskato etxebarritarrak gaixotasunari aurre egiteko behar duen aulki espezializatu bat erosi ahal izatea” izango da aurtengo Balkoi Solidarioak ekimenaren helburua. Beraz, laguntza guztia, Julene eta bere familiarentzat izango da, “elementu espezifikoak dituen gurpil-aulkiaz gain, bere bizi-kalitatea hobetzeko beharrezkoak diren beste elementu ba-tzuk eskuratu ahal izateko”.

Abenduaren 22ra arte

Ekimen hau abian da jada eta abenduaren 22an balkoiak zenbatuko dituzte herriko hainbat kolektibok, Etxebarriko Udalarekin batera. Zenbaketa horren arabera, Juleneren familiari dagokion kopurua emango zaio. Udalak ekimen solidario honetan parte hartzera animatu du, iaz ere arrakasta handia izan baitzuen. Gogoratu beharra dago lehenengo edizioan bildutako dirua Aingeruri laguntzeko izan zela; garun-paralisia duen 4 urteko ume etxebarritarrari laguntzeko.

Balkoi guztiak argiztatu ondoren, Udalak 1.026 parte-hartzaile zenbatu zituen, udalerriko etxebizi- tzen ia %25. Datu horrek aurreikuspen guztiak gainditu zituen eta 4.000 euroko dohaintza suposatu zuen, erosi behar zuten aulkiaren kostua 1.000 euro baino gehiago gaindituz. Seguru iaz bezala, ekimenak etxebarritarren babesa jasoko duela, arrazoi solidario horrekin buru-belarri arituko baitira, balkoiak argiztatuz eta Juleneri eta bere familiari babesa emanez.

Parte hartzeko

Dekorazio librea. Ekimen solidario honetan parte hartzeko, etxeko balkoia apaindu besterik ez da egin behar. Ondoren, Udalak apaindutako balkoi guztiak zenbatuko ditu, eta, datu horiek oinarri hartuta, Juleneren familiari emango dio laguntza.