Etxebarriko liburutegiek Txoko Morea jarri dute martxan, "generoari eta emakumeen berdintasunari buruzko informazioa zabaltzeko asmoz". Hasteko, 103 ipuin eta liburu gehitu dira bi udal-liburutegien artean banatuta, eta bakoitzean Txoko Morea jarri da. "Helburua generoari eta berdintasunari buruzko informazioa zabaltzea da. Berdintasunaren arloan aurrerapausoak eman diren arren, bide luzea dago gizartean genero-desberdintasunak desagerrarazteko", diote Udaletik.

Etxebarriko Udalaren Berdintasun Sailak, San Antonioko eta Bekosoloko liburutegietako arduradunekin elkarlanean sorturiko gune hori aurkeztu du. "Txoko Morea Genero Indarkeriaren aurkako Estatu Itunak ezartzen dituen helburuen artean kokatzen da. Itunak finantzaketa ematen die udalei, beren tokiko jarduera-eremuan genero indarkeria desagerrarazteko programak bultzatzeko". Ildo horretan, Estatu Itunak honako hau sustatzen du: "Emakumeen aurkako indarkeria mota ororen inguruko sentsibilizazio-eta prebentzio- kanpainak egitea, eta emakumeen aurkako indarkeriaren arloan informatzeko materialak prestatzea".

Proiektu honen bidez, liburutegietan sentsibilizazio eta prebentzio funtzio hori bete dezaketen guneak sortu nahi dira. Txoko Morearen helburua "generoari eta berdintasunari buruzko informazioa zabaltzea, emakumeen lanei agerikotasuna ematea eta, azkenik, emakumeen historian murgiltzen diren saiakera eta liburuen erakusleiho bilakatzea da". "Azkeneko urteetan berdintasunaren inguruan aurrerapauso ugari eman diren arren, bide luzea begiztatu daiteke oraindik ere gizartean nabarmen diren genero desberdintasunak desagerraraztea lortzen den arte".

Zentzu horretan, "batzuetan desberdintasunaren inguruko gai nabarienak edo esplizituenak lantzen ditugu, hau da, errazen hautematen direnak. Lantzeko gelditzen diren beste alderdien artean guztion kultur iruditeria osatzen dituzten asko topa ditzakegu", aipatu dute. Hala nola, irakurmena, emakume eta gizonei buruz "mantentzen ditugun ideia estereotipatuei aurre egiteko tresna ezin hobea dena".

Izan ere, "ideia estereotipatu horiek nagusi dira kontsumitzen ditugun kultura produktuetan. Horregatik, premiazkotzat jo da herriko liburutegietan emakumeen fisiologia, berdintasuna, indarkeria matxistaren prebentzioa, arrazakeria, familia aniztasuna, orientazio sexuala edo genero identitatea bezalako gaiak lantzen dituzten materialentzako tokia egitea".

Prozesu horretan bi liburutegietan banaturiko 103 ipuin eta liburu gehitu dira aurretik bazeuden izenburuetara, liburutegi bakoitzean txoko more bat antolatuz. Ekimen honek anitza den errealitatea isladatzea eta edonor ongi etorria sentitu ahal izatea sustatu nahi du. Honez gain, "Txoko Morea genero-rolak alde batera utzita, emakume eta gizonen arteko berdintasunean hazi, hezi eta baita ikasitako desberdintasunetatik askatzeko laguntza izatea espero da".