8.821 dei jaso zituen Etxebarriko Udaltzaingoak 2020an. Igoera nabarmena izan da hainbat arrazoirengatik eta aipa-tzekoa da egunean 24 dei egin zirela batez beste. Beste alde batetik aipatu behar da 378 isun izapidetu direla (2019an 416). "San Antonio Etorbidea da arau-hauste gehien izan dituena (67), eta bigarrena Doneztebe etorbidea (35). Puntuak 39 gidarik galdu dituzte. Zehapen gehienak aparkamendu-araudiaren ez betetzearekin daude lotuak", azaldu dute Udaletik. Zirkulazioarekin lotutako 27 istripu gertatu dira (2019an 29) eta zaurituak 3 izan dira. Liztorren 24 habi desaktibatu dira (10 2019an), horietatik 22 Asiako liztorrekoak. "2020 urtean zehar 14 salaketa jarri dira Udal Ordenantzen gaineko arau-hausteak direla eta: 12 Animaliak izateko eta babesteko ordenantzari lotuak eta 2 Ostalaritza ordenantzari lotua".

"Datuak positiboak diren arren, Udalak horiek hobetzeko eta Etxebarri herri segurua egiten jarraitzeko lanean dirau. Ildo horretan, 2020an, udaltzainen plantilla eta Udaltzaingoaren Buruzagitza eguneratu dira, eta, horrez gain, udalerrirako sarbideetan eta hainbat instalazio eta puntu beltzetan kamerak dituen zaintza-sistema jarri da martxan".

Herritarren segurtasunari buruzko 2020ko datu orokorrei dagokienez, Etxebarriko kriminalitate-tasa Bizkaikoa baino 16 puntu txikiagoa izan da pandemiak baldintzatutako urtebetean. "Etxebarriko kriminalitate-tasa 21,81 da mila biztanleko, Bizkaikoa 37,54 eta Euskadikoa 33,87". Pandemia-egoerak baldintzatutako urtea da, "eta, logikoa denez, arau-hauste motari eta delitu-kasuei ere eragin die", diote. Ez da hilketarik izan, eta ez da inor hil zirkulazio-istripuz. "Nolanahi ere, 2020. urtea baldintzatu egin du Alarma Estatuak covid-19rekiko borrokan ezarritako arau eta dekretuen kontrolak". Ildo horretan, Etxebarriko Udaltzaingoak egindako kontrol eta jarduketetan "254 salaketa bideratu dira Herritarren Segurtasunerako Legearen (HSL) arau-hausteengatik, martxotik urtea amaitu arte". Salaketa horiek Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailari helarazten zaizkio. Bestalde, Ertzaintzak 631 salaketa jarri ditu Basauri eta Etxebarri eremuan.

Bitartekaritza Zerbitzua

Etxebarriko Bitartekaritza Zerbitzuak 113 lagunen kexak eta kezkak artatu zituen. Urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean erregistratutako kasuak 39 izan ziren eta horietatik 29 itxi egin dituzte. "Espero bezala, pandemiaren hilabete gogorrenetan premia berriak sortu ziren, eta jarraipen berezia egin zitzaien 2019an bizikidetzaren ikuspuntutik esku hartzeko prozesuren bat izan zuten kasuei. Hala eta guztiz ere, artatutako kasu guztiak bat datoz 2019ko datuekin", zaldu dute Udaletik. Oro har, zerbitzua erabili duten pertsonen artean, eta dagoeneko itxita eta jarraipenik gabe dauden kasuetan, zerbitzuak sortzen duen arreta presentziala eta inpresioa dira hobekien baloratzen diren alderdiak.

Artatu diren kasu gehienak auzo-zaratak, usainak edo zikinkeria eta espazio komunen erabilera dira. Normalean, "erabiltzaileak beren ekimenez joaten dira zerbitzura, baina batzuk udal-eremuren batek bideratzen ditu". Udaltzaingoaren kasua da hori, gero eta gehiago, eta "kasuak bitartekaritza-zerbitzura bideratzen ditu, gatazka konpontzen lagun dezakeen kanpoko esku-hartzea behar duten egoerak izan daitezkeela hautematen baitu".

Badira lau urte jada bitartekaritza zerbitzua hasi zenetik. Doako zerbitzua da, batez ere etxebarritarrentzat, etxebizitzen edo lonjen jabeentzat, bai eta bizitegitarako hiri-lurzoruan dauden profesional, komertzial edo industrialentzat ere. "Helburua Etxebarriko udalerriko bizikidetza hobetzea da, elkarrizketa eta parte-hartzea sustatuz, auzo-gatazkak, komunitate-gatazkak, kulturarteko gatazkak edo familia-gatazkak konpontzeko modu gisa". 2020a "urte zaila izan da auzotarren bizikidetzaren ikuspegitik, konfinamendu-garaia alderdi hori hobetzeko ahalegina egin zuten guztiek. Hor, gure etxeetan egotearekin batera, beste bizikidetza dinamika bat sortu zen. Adibidez, zaratak, lehen lan-ordutegiengatik edo etxean bat ez etortzeagatik hautematen ez genituenak".

Pandemia-egoerarako berariaz prestatutako bi gida argitaratu ziren gainera; Osasun-alarmaren garaiko bizikidetza-gida eta deseskaladan argitaratu zen beste bat, Nola deskonfinatzen gara?. Zerbitzua martxan dago eta asteazkenero 10:00etatik 14:00etara joan daiteke Etxebarriko udaletxera. Aldez aurretik hitzordua hartu beharko da helbide elektroniko bidez: bitartekaritza@etxebarri.eus edo 603409275 telefonora deituz.