BILBO. Doña, Meridian eta Sara Zozaya dira Rockein!-en VII. edizioaren sari nagusia irabazteko hautagaiak. Finala Basauriko Social Antzokian ospatuko da maiatzaren 11n sarrera librearekin.

Finalean joko duten beste hiru taldeak Herio (metal; Laudioko kide batekin), Keniama (rap, reggae, hip-hop, ska, hardcore; Arrigorriaga eta Bilboko kideekin) eta Samoah (funk ukituak dituen pop-a; Basauri eta Bilboko kideekin) izango dira. Hauek Tokiko artistarik onenari saria irabazteko aukera izango dute, Basauri, Arrigorriaga, Galdakao edo Laudion erroldatutako kide bat gutxienez daukaten proiektuak saritzen dituen kategorian. Dena den, kategoria nagusiko Meridian taldea ere Basauri eta Arrigorriagakoa izanda, lehen saria eskuratuko ez balu, proiektu hau ere Tokiko artistarik onenari saria irabazteko hautagai izateko kontutan hartuko luke epai mahaiak, lehiaketaren oinarriek markatzen dutena jarraituz.

Finala maiatzaren 11n izango da, larunbatez, Basauriko Social Antzokian, doan. Sei kontzertuak bukatzerakoan, epai mahaiak irabazleen izenak jakinaraziko ditu, Artistarik onena euskaraz eta Publikoaren saria barne. Azken puntu honi dagokionean, gogoratu publikoaren saria erabakitzeko bozketa prozesua apirilaren 22rarte irekita egongo dela Rockein-en Facebook profilean sortutako plataformaren bitartez. Parte hartzaileen artean MAZ Basaurirako bono bikoitza zozketatuko da. Jaialdia apirilaren 26 eta 27an eta maiatzaren 3 eta 4an izango da, Viva Suecia, Iseo & Dodosound With The Mousehunters, Christina Rosenvinge eta Toundra bezalako taldeekin.

Rockein-en zazpigarren edizioak laugarren urtez jarraian bere parte hartze errekorra gainditzea lortu du, 146 artistek izena eman ostean eta epai mahaiak “parte hartzaile guztien eta, bereziki, finalean arituko direnen abestien maila ona” nabarmendu du.