Bizkaiko Foru Ogasunak guztira 2.766,1 milioi euro bildu ditu martxora arte, tributu itundiak direla-eta, hau da, 2024an epe berean bildutakoa baino 246,3 milioi euro gehiago; beraz, % 9,8 egin du gora bilketak. Horrela, martxoaren 31rako bilduta dago jadanik 2025eko aurrekontu osoaren % 27,2.

Zuzeneko zergapetzea 1.476,0 milioi eurora igo da, eta bilketa 154,8 milioi (+% 11,7) handitu da iazko martxoarekin alderatuta; beraz, 2025ean izandako portaera onari eutsi zaio. Ildo horretan, PFEZak, oro har, % 98,3 egin du gora (+94,6 milioi gehiago); horrenbestez, kontzeptu horren ondoriozko bilketa 1.237,6 milioikoa da. Nabarmentzekoa da, batez ere, Sarien gaineko Karga Berezia % 222,3 igo dela; izan ere, aurreko urteko martxoan 10,6 milioi bildu ziren eta aurten, berriz, 34,0 milioi.

Sozietateen gaineko zergari dagokionez, % 1,8ko jaitsiera txiki bat izan da aurreko urteko martxoaren aldean (2 milioi euro inguru izan baitzen), eta 124,5 milioikoa izan da bildutako zenbatekoa.

Zuzeneko zergetan gehien igo diren kontzeptuen artean, nabarmentzekoak dira ondarearen gaineko zerga (+% 251,1), oinordetza eta dohaintzen gaineko zerga (+% 105,1), eta ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga (% 82,5 egin du gora, eta 56,7 milioi euro bildu dira). Bestalde, energia elektrikoaren ekoizpenaren gaineko zergan 14,4 milioi euro sartu dira, karga-tasa arruntak berreskuratu ondoren, hau da, inflazioaren ondorioak arintzeko neurriak hartu baino lehenagokoak.

Zeharkako zergapetzea 1.273,7 milioi eurokoa izan da martxoan, beraz, % 7,8ko igoera izan da. Kudeaketa propioko BEZaren bilketak gora egin duenez, martxoaren amaierarako 850,3 milioi euro bildu dira, alegia, 2024ko martxoan baino 68,8 milioi gehiago (+% 8,8). Bestalde, Hidrokarburoen gaineko Zerga Bereziak beherakada txiki bat izan du bilketan (-% 1,0), hortaz, bildutako zenbatekoa 296,2 milioi eurokoa izan da.

Zeharkako gainerako zergek, oro har, zifra positiboak dituzte, hala nola elektrizitatearen gaineko zergak (+% 174,8), garagardoaren gainekoak (+% 138,6) edo Ondare Eskualdaketen gainekoak, 7,5 milioi euroko gehikuntza izan baitute, eta horren ondorioz, bildutakoa 27,2 milioi eurora iritsi da (+% 38,4). Plastikozko ontzien gaineko zerga, ordea, jaitsi egin da (-% 8,5) eta zenbait garraiobideren gaineko zerga ere bai (-% 2,7).

Tasek eta Bestelako diru-sarrerek 16,3 milioi euroko bilketa ekarri dute; aurreko ekitaldian, aldiz, 17,5 milioi eurokoa izan zen. Horrek esan nahi du % 6,8ko jaitsiera izan dela, berandutze-interesen (-% 18,8) eta zehapenen ( -% 38,9) jaitsierak eraginda.