Bizkaiko Foru Aldundiak, Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko sailaren bidez, kontsumitzaileei beren ondasunen bizitza baliagarria luzatzeko aukera emateko helburua zuen 'Bizkaia Repara' izeneko kanpaina jarri zuen martxan 2024ko abenduan. Bada, hiru hilabete geroago, bonuen % 93 agortu ditu, hau da, foru erakundeak ekimen honetarako eman zituen 10 euroko deskontuko 5.000 kupoietatik 4.650 erabili dira.

Kanpainak hiru hilabete iraun du, eta denbora horretan parte hartu duten establezimenduek askotariko produktuak konpontzeko zerbitzuak eskaini dituzte, besteak beste, ehunak, oinetakoak, larruzko produktuak, altzariak, tresneria, ordenagailuak, periferikoak, komunikazio-ekipoak, tresna elektronikoak, etxetresna elektrikoak, erlojuak, bitxiak eta erabilera pertsonaleko eta etxeko beste objektu batzuk. Arantza Atutxak, Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko diputatuak, emandako prentsaurrekoan zehaztu duenez, ehunak eta osagarriak konpontzeko erabili dira batez ere kupoiak; ondoren, erlojuak eta bitxiak konpontzeko, ordenagailuak konpontzeko eta, laugarrenik, oinetakoak eta larruzko osagaiak konpontzeko. 

Bestalde, 1.862 kontsumitzailek erabili dituzte bonuak, eta erabiltzaileen batez besteko adina 40 eta 65 urte bitartekoa izan da.  Horrek aurrezteko aukera emateaz gain, Bizkaiko konponketaren sektoreko merkataritza-sarea ere indartu du, atxikitako establezimenduentzat negozio-aukera berriak sortu baititu, adierazi du diputatuak.

Etxean erabiltzeko 14 tona ondasun inguru

"Bizkaia Repara" kanpainak aukera bikoitza eskaintzen du, bai herritarrentzat, beren produktuen bizitza erabilgarria prezio merkagoan luzatu dezaketelako, bai tokiko negozioentzat, neurrigabeko kontsumoaren aurrean alternatiba arduratsu eta ekonomiko gisa posizionatzen direlako. Ekimenaren helburua da herritarrak murriztearen, berrerabiltzearen eta konpontzearen garrantziaz kontzientziatzea, garapen jasangarriarren funtsezko mugarria baitira. Hain zuzen ere, ekimen horri esker, etxean erabiltzeko 14 tona ondasun inguru berreskuratzea lortu da, konpondu ezean hondakin bihurtuko zirenak.

Proiektu honen bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak jasangarritasunarekin duen konpromisoa berresten du, eta ekonomia zirkularra eta kontsumo-ohitura arduratsuagoak sustatzeko ekintza zehatzen alde egiten du.

Lehen edizio honetan lortutako emaitza onek eta izandako arrakastak Bizkaiko Foru Aldundia bultzatu dute bigarren edizio bat abian jartzera. Parte-hartzeari buruzko datuek eta erabilitako bonuen ehuneko handiak berresten dute Bizkaiko herritarrek konponketaren aldeko apustua egiten dutela, erabili eta botatzeko kontsumoaren aurrean benetako alternatiba bideragarri gisa. Arrakasta horrek indartu egiten du ekonomia zirkularraren eta ingurumenaren zaintzaren aldeko ekimenak sustatzen jarraitzeko daukagun konpromisoa, nabarmendu du Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko diputatuak.

Bizkaiko Hondakinen Prebentzio eta Kudeaketa Planaren esparruan

"Bizkaia Repara" kanpaina Bizkaiko Tokiko Eskumeneko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2030erako Planaren baitan dago. Plan horrek lehentasunezko helburu gisa ezartzen du lurraldean hondakinak berrerabiltzea eta murriztea sustatuko duten sistemak bultzatzea. Horretarako, irtenbide praktikoak eskaini behar dira, herritarrek beren ondasunak bota beharrean konpondu ahal izan ditzaten, eta, horrela, kontsumo arduratsuagoa eta ingurumenarekiko errespetutsuagoa garatzeko bidean aurrera egin dezagun.