Astearte honetan goizean aurkeztu egin du Bizkaiko Foru Aldundiak 'Bizkaian bagara. Berbak zubi' programa. Ekimen honek euskararen erabilera handitzea, hizkuntzare biziberritze prozesuan urrats berriak ematea eta biztanleria-sektore berrietara normaltasunez hurbiltzea ditu ardatz.

Lurraldeko eskualde guztietara heltzeko helburuarekin eta Bizkaian dauden tipologia ezberdinak kontuan hartuta 10.000 bizkaitarrekin lan egitea aurreikusten da. Horretarako, Bizkaiko Foru Aldundia eta Taupa Euskaltzaleen Mugimendua elkarlanean arituko dira datozen hiru urteetan.

Egitasmoa lurraldearen euskararen saretzearen eta aktibazioaren araberako diagnosian oinarritzen da. Hori horrela, erabileran eragiteko hiru lan-ildo eta  esku-hartze sorta bat irudikatu dira:

  1. Tokian tokiko euskaltzaleen aktibazioa eta saretzea.
  2. Aniztasunaren kudeaketa, euskarara hurbiltzeko baliabideak eskainiz.
  3. Gazteen eta familien arteko erabilera sustatzeko ekimenak.

Gaur egitasmoa aurkeztu dute Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak eta Jasone Mendizabal Taupa Euskaltzaleen Mugimenduko koordinatzaileak.

Arrizabalagak azaldu duenez "Aldundi honen lehentasunen artean, euskara zaintzea eta euskarari behar duen lekua ematea dago. Zeharkako ekimena da, gure sail guztietan eta eguneroko lanean kontuan hartzen duguna. Bizkaian Bagara ekimenak bizkaitarrak euskararen erabileran aktibatzeko bokazioa du, euskararen erabilerak beharrezkoa duen jauzia eman dadin, bakoitzak bere ekarpena egin dezan tresnak eta aukerak eskaintzen dizkigun egitasmoa dugu hau."

 "Orain arte egindako ahaleginak eta lana ezagutzan oinarritu dira. Horrek fruituak eman ditu eta gaur egun Bizkaian eta Euskal Herrian dugun ezagutza maila oso altua da. Erronka, berriz, erabileran dugu." Ezagutza eta erabilera elkarren eskutik garatu behar direla nabarmendu du diputatuak .

Jasone Mendizabalek programaren nondik norakoak azaldu ditu azpimarratuz lurraldearen euskararen saretzearen eta aktibazioaren araberako diagnosian oinarritutako programa dela lurraldera zabalduko dena "Euskararen aldeko komunitate aktiboak indartu nahi ditugu. Erabileraren aroan gaude, eta gure erronka ez da bakarrik euskararen aldeko jarrera indartzea, baizik eta hizkuntza-ohituretan eragitea eta euskaraz bizitzeko aukerak zabaltzea. Horregatik, garrantzitsua da norbanakoaren eta komunitatearen arteko loturak indartzea euskaraz bizitzeko baldintzak eraikiz eta hizkuntza praktikak sortuz". 

Erabileraren aroa izendatutako honetan, teoriatik praktikara pasatzea da asmoa, eta, horretarako, hiru lan-ildo estrategikotan banatuko da Bizkaian Bagara. Hala, tokian tokiko euskaltzaleen aktibazioa eta saretzea sustatzeko

Saretzea eta aktibazioa

Euskararen aldeko sarea zabaldu eta aberasteko gogoeta saioak antolatuko dira. Tokiko euskaltzaleak sareatzerren prozesu parte-hartzaileak egingo dira.

Horrez gain, euskaltzalez osatutako mugimendu zabal bat osatzeko, aktibazio eta ahalduntze aukerak eskainiko dira, taupamugimendua.eus plataformaren bidez.

Aniztasunaren kudeaketa

Herritar guztion arteko harremanak eta komunikazio-hizkuntza euskara izatea lortu nahi da, euskaratik urrun bizi diren herritarrak euskarara gerturatuz. Horretarako, Auzoko Elkarrizketak euskararen inguruko sentsibilizazio eta aktibaziorako espazio parte-hartzaileak eskaintzen dute hizkuntza-dinamika berriak aktibatzeko. Tauparentzat estrategikoa da aktibazio prozesu hau, eta horregatik, Auzoko programa bereziki lantzen du, euskararen transmisioa eta bizipena erdigunean jarrita.

Hiru urteko epean, bederatzi Auzoko Elkarrizketa antolatuko dira Bizkaiko hainbat eskualdetan.

Begiz jotako xede-taldeak

Elkarrizketa Musikatuak antolatuko dira gazteentzat, eta hauetan kulturgile erreferenteek euren hizkuntza bizipenak partekatuko dituzte ikasleekin. Musika aitzakia hartuta, gazteen euskararekiko lotura indartu eta sentsibilizazioan eragitea da helburua.

Bestalde, Euskararen Kriseiluak familia transmisioa lantzen du: eremu intimoan, euskararen erabileraren inguruko gogoeta sustatzen du eta familia euskara gehiago erabiltzeko konpromiso zehatzak hartzera gonbidatzen ditu.

Hiru urteko epean, Euskararen Kriseiluak 9 herri bisitatuko ditu, hizkuntza-ohiturak lantzeko eta familien aktibazioa sustatzeko helburuarekin.

Elkarrizketa Musikatuak eta Euskararen Kriseilua, Tauparen egitasmo sendo eta ibilbide luzekoak dira.

Bizkaia Bagararen asmoa datutan:

  • Bizkaiko 12 eskualdetan eragingo da, 30 herritan/hiritan.
  • 3 lan-ildoak aldi berean landuko dira, 6 proiekturen bitartez
  • 49 zuzeneko esku-hartze dinamizatuko dira, 3 urtean
  • 10.000 bizkaitar baino gehiagorekin lan egiteko aukera emango du egitasmoak

Egitasmoa martxan jartzeko urratsak

Gaurtik aurrera martxan jarriko da egitasmoa; horretarako, Bizkaiko tokiko erakundeetako teknikariak, ordezkariak eta hainbat eragile (euskara elkarte, talde) mintegi batera gonbidatuko dira programaren inguruko zehaztasunak partekatzeko eta urratsak definitzeko.