Larunbat honetan, abenduaren 14an, irekiko ditu ateak Bilbao Exhibition Centreko (BEC) Umeen Gabonetako Parkeak, eta urtero bezala, Bizkaiko Foru Aldundiak hainbat jarduera garatuko ditu bertan.

Espazio ezberdinak eta era askotakoak daude: izotz gaineko patinaje-pista, Bizkaiko suhiltzaileen standa, eta Garbiker, Interbiak eta Bizkaimedia sozietate publikoen guneak. Horrekin, Bizkaiko Foru Aldundiak apustu garbia egin du, beste behin ere, UGPn egoteko, kalitate handiko aisialdi-eskaintza batekin, familia-giroan gozatzeko jarduerekin eta, aldi berean, abenduaren 14tik urtarrilaren 5era BECera hurbiltzen diren haur eta gazteei Foru Erakundeko hainbat zerbitzu eta arloren lana hurbildu ahal izateko.

Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuaren standari esker, Bizkaiko suhiltzaileen lana gertutik ezagutu ahal izango da, esku-hartzeetan erabiltzen dituzten materialak eta ekipoak erakutsiko dira, eta sutea gertatuz gero zelan jokatu jakiteko oinarrizko aholkuak emango zaizkie familiei.

Standera hurbiltzen diren txikiek haurrentzako jantzien erreplika bat eta esku hartzeko kaskoa jantzi ahal izango dituzte, eta zerbitzuak egiten dituen esku-hartzeak ezagutu ahal izango dituzte: suteez gain, uretako erreskateak, trafiko-istripuetako erreskateak eta salgai arriskutsuekin eta Asiako liztorrekin egindako esku-hartzeak. Halaber, uretako erreskateetarako erabiltzen den baltsa pneumatiko batean muntatu ahal izango dira, suhiltzaileen kamioi batera igo, datozen egunetan UGPean egongo den hiri-autobonba astun batera igo, eta benetako sua itzaltzen ariko balira bezala prestatutako photocallean argazki bat atera.

Bestalde, Garbiker hondakinak kudeatzeko sozietate publikoak haurrak eta helduak gonbidatzen ditu berrerabilpenean, birziklatzean eta kontsumo iraunkorrean oinarritutako dinamika ludikoetan parte hartzera. Proposamenen artean, "zabor jasotze" izeneko joko berritzailea nabarmentzen da, Herri Kiroletan oinarritua, non diziplina bakoitza hondakinen frakzio bati lotuta egongo den. Era berean, badira, adibidez, gaikako arcade motako makinak, dinamika interaktiboak eta hondakinak behar bezala bereizteari buruzko hezkuntza-tailerrak. Jarduera horien helburua ekonomia zirkularra sustatzea eta kontsumoaren ingurumen-inpaktuaz sentsibilizatzea da.

Interbiak sozietate publikoaren espazioak sormena eta tradizioa bilduko ditu Olentzero eta Mari Domingiren panpinen erakusketa batekin, Bizkaiko Lehen Hezkuntzako 6. mailako edo DBHko lehen zikloko ikasleek eginak. Bisitariek euren diseinu gogokoena bozkatu ahal izango dute eta Karrantzako Pozalagua eta Carpin kobetara txangoa eginez sarituko da proposamen irabazlea.

Gainera, stand-a dinamizatzeko hainbat jarduera egongo dira, UGPko haurren adin talde ezberdinentzat pentsatuak: ohe elastikoak, Gabonetako ipuinak, ludoteka, bide-hezkuntzako zirkuitu bat patinetan eta eskulanen tailerrak.

Bizkaibusek ere espazio interaktiboa eta entretenimenduz betea izango du bisitarientzat. Proposamen nabarmenen artean, Bizkaibus Arcade Megamix bideojoko esklusiboak daude. Pantaila erraldoietan gozatu ahal izango dira, esperientzia murgiltzaileak eta dinamikoak eskainiz. Horrez gain, trebetasun-jolasak egongo dira kanikekin, poleekin eta sokekin egindako ibilbideetan, eta Bizkaia Bizkaibus Marble Race lasterketa-zirkuitua, zortzi parte-hartzailerentzako kanika-zirkuitu dinamikoa, lasterketa bakoitza esperientzia zirraragarri bihurtuko duen speaker batek animatua.

Horrela, Bizkaiko Foru Aldundiak hezkuntzarekin, aisialdiarekin eta gizarte-sentsibilizazioarekin duen konpromisoa indartzen du, BECeko Umeen Gabonetako Parkean ikaskuntza, dibertsioa eta balioak uztartzen dituen espazio bat eskainiz.