Suteen aurkako prebentzioaren garrantziaz sentsibilizatzeko, Bizkaiko Foru Aldundiko Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuak (PSSZk) martxan jarri berri du horretarako bereziki diseinatutako kanpaina berria. Horren bidez, lurraldeko zenbait eskualdetara joango da ikasgela mugikor batekin, batez ere bertako haur eta gazteei horren inguruko hitzaldiak emateko.

Udaberri honetan, Durangaldera eta Busturialdera eramango dute gela mugikorra Aldundiko suhiltzaileek; udazkenean, berriz, Enkarterrira eta Uribe Kostara joango dira. Horrela, lurraldeko eskualde guztiak zeharkatuko dituzte.

Oraingoan, gela mugikorrak Amorebieta-Etxanon hasiko du bere ibilbidea, maiatzaren 5ean, eta Uriosteko suhiltzaileek egingo dituzte aurreikusitako jarduerak, eskualdeko erreferentziako suhiltzaile-etxeko, hau da, Iurretako suhiltzaile-etxeko suhiltzaileen laguntzarekin. Zubiondo parkean egongo da. Prestatutako programa goizeko 10:30etik 14:30era bitartean gauzatuko da.

Gela mugikorretik hurrengo bidaia ekainaren 2an izango da, Gernikara. Jarduera hori igandeetan egiten da beti.

Santurtzi, Igorre, Lekeitio eta Derio izan dira aurrekoetan hurbildu diren beste herriak.

Gela mugikorra ad hoc diseinatutako edukiontzi bat da

Aldundiko suhiltzaileek edukiontzi eramangarri bat dute zeregin horretarako; ad hoc diseinatu eta hornitu da, suteen aurkako segurtasunaren eta autobabesaren printzipioak erakusteko, modu ludikoan baina didaktikoan, hitzaldi, adibide praktiko, tailer edo ginkanen bidez. Edukiontzi eramangarri zabalgarriaz gainera, autoponpa-kamioi bat ere egongo da desplazamendu bakoitzean.

Ekintza hori Bizkaiko Foru Aldundiko Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuaren 50. urteurrena Bizkaiko herritarrekin partekatzeko sortu zen. 2020ko azaroan bete zituen 50. urte, baina, pandemiak eragindako egoeraren ondorioz, ekintza ezin izan zen martxan jarri urte horretan, eta atzeratu egin zen.

Suteei aurre egiteko heziketa, gainditu gabeko irakasgaia

Bizkaiko Foru Aldundiko suhiltzaileek onartzen dute suteak prebenitzeko eta suteen aurrean izan beharreko jokabidea lantzeko heziketa gainditu gabeko irakasgai bat dela, eta, duen garrantziaz jabetuta, hainbat ekimen sustatzen ari dira herritarrak sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko.

Suhiltzaile-zerbitzuetako profesionalek egunero egiaztatzen dute sute ohikoenak eta heriotza gehien eragiten dutenak saihesteko modukoak direla, eta biktimak salbatzeko aukera egon zitekeela inplikatutako herritarrek haurtzaroan eta nerabezaroan oinarrizko aholku jakin batzuk barneratu izan balituzte.

Funtsezkoa da herritarrek sute baten aurrean nola jokatu behar duten jakitea. Beren bizitzak babesteaz gainera, suaren hedapena geldiarazteko eta, ondorioz, izan daitezkeen kalteak minimizatzeko.

Bizkaiko Foru Aldundiko suhiltzaileek nabarmentzen dutenez, egunero gertatzen dira suteak, baina gehienetan prebenitu egin daitezke. Larrialdirik onena da garaiz saihesten dena. Suhiltzaileek dei egiten diete herritarrei gela mugikorrera hurbil daitezen.