Datorren ostiralean, apirilaren 26an, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara, 'Menopausiatik plenopausiara' izeneko tailerraren lehenengo saioa jasoko du Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxeko Gaztelekuan. Beste bi saioak maiatzaren 3an eta 10ean egingo dira, ordu berean. Bermeoko Mugimendu Feministak proposatutako eta Bermeoko Udaleko Berdintasun sailak abian jarritako ekimen hau 40 eta 55 urte bitarteko emakumeei zuzenduta dago.

Tailerrean parte hartzeko ezinbestekoa da izena ematea, berdintasuna@bermeo.eus posta elektronikora mezu bat idatzita edo 688 63 84 49 telefono zenbakira deituta.

Gorputza Da Bidea elkarteko kide Ana Valles Renteria bermeotarrak gidatuko du tailerra. Horren bitartez, menopausiaren konnotazio negatiboei aurre egitea da asmoa. “Menopausia sasoian beste aukera batzuk zabaltzen dira, trantsizio momentu bat da. Begirada positiboago batetik begiratzen saiatuko gara, modu zabalago batean hartzen, estigmatizazio negatiboa kenduta”, azaldu du Vallesek.

Lehenengo saioan, testuinguruan jarriko dituzte menopausiari buruz dauden konnotazio negatiboak, eta emozioak eta zalantzak landuko dituzte. Bigarren saioa emozioetara eta rol aldaketetara bideratuta egongo da, betiere, praktikora eroanda. Vallesek azaldu du tailer batetik bestera parte hartzaileek etxerako lanak izango dituztela, “lanketa bat egiteko”. Hirugarren eta azken saioa, elikadura eta gorputz mugimenduarekin lotuta egongo da; “sasoi hori, osasun mentalarekin batera, ahalik eta modurik egokienean bideratu ahal izateko”. Tailerra, hain zuzen ere, hiru galderetan oinarritzen dela dio Vallesek: “Zer dakite? Zer jakin behar dute? Eta zer jakin nahi dute?”.

Metodologia teoriko-praktikoa erabiliko da, parte hartzea eta pertsonen arteko partekatzea ahalbideratzen duten dinamika desberdinetan oinarrituta: “Leku seguru bat sortzea da helburua, parte hartzea bultzatzeko. Garrantzitsua da ikuspuntu desberdinak ezagutzea, gauzak elkarbanatzen direnean ikarak ere gutxitu egiten direlako”.

Bermeoko Udaleko Berdintasun zinegotzi Arantza Ormaza Tarantinok 40 eta 55 urte bitarteko emakumeak animatu ditu parte hartzera, tailerra “interesgarria” izango delako. Era berean, Bermeoko Mugimendu Feministako kideei eskerrak eman dizkie proposamenak egiteagatik, “proposamenak beti ongietorriak baitira”.