Joan den asteartean, apirilaren 16an, ekainaren 18ra arte iraungo duen 'Zaintza barik bizitzarik ez!' izeneko ikastaroa hasi zen Elorrion. Udalerrian bizi edo lan egiten duten emakumeei bideratutako programa honek eskaintzen dituen hogei plazak bete ditu. Ekimen hau 2018tik egiten da, eta harrera bikaina izan du bere edizio guztietan.

Ikastaroaren helburua pertsonen osasunarekin zerikusia duten edukietan sakontzea da, baita pertsonen zaintzari lotutako giza eskubideei, herritartasunari eta laneskubideei buruzko ezagutzetan sakontzea eta parte-hartzaileen eta herriko beste pertsona batzuen arteko sareak ehuntzea ere.

Cony Carranza dinamizatzaile, soziologo eta herri-hezitzaile feministak ez ezik, Osakidetzako eta Kainaberako (erizainak eta medikuak) osasun-langileek ere ematen dituzte saioak.

Zaintza-lanetan aritzen diren emakume horiek ekarpen handia egiten diete gizarteari eta familiei. Hala ere, askotan ikusezin eta duintasun gutxikoa bihurtzen den enplegua da. Asko dira munduko beste leku batzuetatik lan egitera etortzen diren emakumeak, eta familietako adinekoen zaintzan lan egiteko aukera bat aurkitzen dute. Ikastaro honetan prestakuntza, garapen profesional eta pertsonalerako aukera eta egindako ekarpenaren aitorpena eskaintzen zaizkie.

Estereotipoak hausten

Proiektu hau hainbat eragilek bultzatzen dute, Elorrio komunitario eta kooperatibo bat eraikitzeko asmoz, non pertsona guztiek enplegu duina, gizarteratzea eta esperientzia pertsonal positiboak izateko aukera izango duten. Erakunde horien artean daude Elorrioko Udala, Kainabera Elkartea, Elorrioko Osasun Zentroa eta eragile feministak.

Proiektua diseinatu, koordinatu, antolatu eta ikastaroa emateaz gain, inplikatutako eragile guztiek beren berrikuspen-, gogoeta- eta azterketa-prozesu propioa egin dute emakume migratuei dagozkien estereotipo eta aurreiritziei buruz, eta horiek nola landu eta saihestu jakiteko ondorioak ateratzen dituzte horrelako programak diseinatzean.