Abadiñoko Udalak ezagutzera eman du apirilaren 27tik maiatzaren 5era arte ospatuko diren San Prudentzio jaietako egitaraua. Hala, egun horietan zehar kontzertuak, kirol erakustaldiak, kaleko animazioa, dantzaldiak, familientzako ikuskizunak eta herri bazkariak izango dira herrian, besteak beste.

Ospakizuna San Prudentzio bezperan hasiko da, kuadrillen kontzentrazioarekin eta Donien atxaren altxatzearekin, 12:00etatik aurrera. Dunbots fanfarreak eta Iluntze dantza taldeak girotuko dute ekitaldia, eta urteko pertsonaia izendatuko da.

Udalak 40 jarduera baino gehiago biltzen dituen programa prestatu du, jai batzordean parte hartzen duten talde eta elkarte guztien partaidetzarekin. Jaietako egitaraua 27an hasiko da, orduan izango dira Donien Atxaren Eguna eta Mozorroaren Eguna. Donien atxa altxatu eta gero, txupinazoa eta herri bazkaria izango dira Traña plazan, kuadrillen arteko jolasekin. Bazkarirako txartelak (10 euro) hilaren 22ra arte egongo dira eskuragarri Errota Kultur Etxean.

Jardunaldi horretan “Mozorroaren Eguna” ere ospatuko da, musika gai hartuta. Mozorroen kalejira 19:00etatik aurrera Bizuka Percusión fanfarrearekin. Ondoren, ikuskizun piro-musikala programatu da trenaren geralekuaren ondoan. Gero, berbena etorriko da Trikiziorekin, 23:00etatik aurrera, Traña plazan. Igandean, hilak 28, San Prudentzio egunean, txikientzako ekintzak, txirrindularitza lasterketa, eta tute eta xake txapelketa izango dira. Gainera, 18:00etatik aurrera, Txiki Txef tailerra izango dugu Traña plazan, Zigor Iturrietaren eskutik.

Egitarauari hilaren 30ean ekingo zaio berriro, zesta punta partidekin eta kontzertuarekin Traña plazan, 22:00etatik aurrera Llama a la pasma, Parabellum eta Leihotikan taldeekin.

Hurrengo egunean, maiatzaren 1ean, artisautza azoka, herri kirolak, mus txapelketa eta kadete mailako esku pilota izango dira. Gainera, goizean zehar, Geu Be elkarteak txahal bat erreko du ekitaldien zati handi baten epizentroa den Traña plazan, Eusko Labelek babestuta. Egun horretan DesOrekatua (Magia zapatiletan) familia ikuskizuna programatu da Pinu plazan.

Jaietako bigarren asteburuko ekintzak barikuan, hilak 3, hasiko dira txiki meriendarekin eta diskodantzarekin, merkatu plazan. 19:30etik aurrera musika eta parrillada izango dira Traña plazan, bingo solidarioa eta bertso saioa Errota Kultur Etxean, 22:00etatik aurrera Maialen Lujanbio, Miren Amuriza, Oihana Bartra eta Eneko Abasolo “Abarkas” bertsolariekin. Gonbidapenak hilaren 25etik aurrera jaso ahal izango dira Errota Kultur Etxean. Jardunaldia 23:00etan itxiko da Dj Gartzirekin.

Gazte Eguna

Maiatzaren 4an Gazte Eguna ospatuko da, gazteentzako bazkari eta jolasekin, Traña plazan. Ohiko paella eta tortilla lehiaketak ere egingo dira azokako plazan. Egun horretarako egitarauak kickboxing-a, igel txapelketa, esku pilota eta Iluntze taldearen eskutik etorriko diren Euskal dantzak jasoko ditu. 22:00etan Sua, Dj Kuku, Dj Anybs eta Dj Kene arituko diren kontzertua egongo da Traña plazan eta berbena Jaguarrekin Trañabarren etorbidean.

Jaiak igandean, hilak 5, amaituko dira, familientzako jarduera gehiagorekin eta adinekoentzako bazkariarekin. Gainera, Jaizale txistulari elkartearen kontzertua antolatu da elizan, eta perretxiko pintxoen dastaketa Pinu plazan, Geredixa mikologi elkarteak antolatuta.

20:00etan San Prudentzio jaiei amaiera emango dion Donien Atxaren jaitsiera egingo da. Gainera, apirilaren 22tik maiatzaren 26ra, udalaren webguneak kartel lehiaketara aurkeztutako lanak argitaratuko ditu. Ohikoa denez, barrakak Arzubiako aparkalekuan egongo dira. Apirilaren 28an eta maiatzaren 3an prezio erdian izango dira. Traña-Matienako San Prudentzio jaien programazio osoa eskuragarri dago udalaren webgunean (Zerbitzuak – Ekitaldiak eta aisialdia).

“Berritasun gisa, azpimarratu gura dugu jaietako programen kostu osoa xede horretarako esleitutako aurrekontu-partidetara ahalik eta gehien egokitzen saiatu garela, eta gardentasun-ariketa gisa datorren astean postontzietan utziko diren San Prudentzio eta San Trokaz jaietako programetan, ekitaldi bakoitzarengatik ordainduko dugunaren xehetasunak azalduko dira. Azkenik, garrantzitsuena geratzen zaigu, hau da, eskerrak eman gura dizkiegu boluntario guztiei, bi batzordeetan denbora eta ahalegina oparitu dizkigutelako, guztiok jai hauetaz gozatzeko aukera izan dezagun”, azpimarratu du Monika Iglesias Kultura, Ekitaldi eta Aisialdiko zinegotziak.