Aste honetan ireki egin du Bizkaiko Foru Aldundiak lurraldeko ibilgailu astunen segurtasuna, bideragarritasuna, digitalizazioa eta iraunkortasuna hobetzeko dirulaguntzak eskatzeko epea, zeina irailaren 30era arte egongo den zabalik. Deialdi honetan, Ekonomia Sustatzeko sailak 1,5 milioi euro inbertituko ditu.

Laguntzak eskatzeko tramitazioa oso erraza da, eskaerak egiteko eta dirulaguntzak eskuratzeko ezinbestekoak diren gutxieneko baldintzak ezartzen baititu. Horrela eskabideak jasotzeko epe zabala irekitzen da, baina dirulaguntza sarrera-ordenaren arabera ematen da, eskabide oso eta zuzen guztiak bi hilabete baino gutxiagoko epean ebatzi ahal izateko.

Errepideko salgaien garraioa modernizatzeko laguntzek lehiakorrago bihurtzen dituzte Bizkaian sektorea osatzen duten 5.000 enpresa eta pertsona autonomoak, horiek guztiek jasangarritasunaren, digitalizazioaren eta segurtasunaren arloko erronka sozialekin bat egitea erraztuz.

Laguntzak gehienez 20.000 eurokoak izango dira eskatzaile bakoitzeko eta 4.000 eurokoak ibilgailu bakoitzeko. Honako eremu hauek lagunduko dira diruz:

  •  Pneumatikoak ordeztea.
  •  Aerodinamika hobetzen duten elementuak instalatzea, hala nola spoilerrak, flapak eta deflektoreak.
  •  Segurtasun-sistemak integratzea, adibidez: pneumatikoen presio-monitoreak; gidariarentzako alkoholagatiko blokeoak; gidatze-sistemak (erreitik irtetea detektatzea, dash cams-ak); ikusgaitasuna eta maniobragarritasuna hobetzea (puntu itsuak ikustea eta atzeko kamerak); talkak prebenitzeko gailuak (hurbileko sentsoreak eta radarrak); nekearen kontrola; atoia lotzeko egiaztapen-sistemak; iraultzetik babesteko gailuak; istripuen erregistragailuak; suteak automatikoki detektatzeko eta itzaltzeko sistemak; eta larrialdiko dei-sistemak.
  •  Kargaren segurtasuna hobetzea, besteak beste zingilak, uhalak, kateak, tenkagailuak, olanak, etab.
  •  Kabinan teknologia sartzea garraio-plataformekin, edukiontzi-agentziekin eta industria-instalazioekin konektatzeko.
  •  Motor berriak jartzea edo motorretan aldaketak egitea, automobilgintzako gasolioak baino gutxiago kutsatzen duten energiak erabiltzeko.