Bizkaiko Foru Aldundiak 461,8 milioi euro bildu ditu martxora arte tributu itunduak direla-eta, hau da, aurreko ekitaldiko epe berean bildutakoa baino % 11,1 gehiago.

Bildutako zenbateko metatua 2.519,8 milioi eurokoa izan da, hau da, 2024ko ekitaldirako tributu-sarreren aurrekontuaren (9.829,5 milioi euro) % 25,6, eta 2023an lortutakoa baino % 0,2 txikiagoa da. Hala ere, azken ekitaldi horretan izandako ezohiko eragiketa jakin batzuk alde batera uzten baditugu, bilketaren bilakaera % 3,0 positiboa da.

Zuzeneko zergetan, aurreko hilabeteetako joera onari eutsi zaio, eta, iazko martxoarekin alderatuta, 70,4 milioi euro (+% 5,6) gehiago bildu dira.

Sozietateen gaineko zergaren bilakaera positiboa nabarmendu behar da; izan ere, 2022an kuota diferentziala negatiboa izatetik (-2,1 milioi) gaur egungo 38,0 milioira iritsi da. Kapital higigarriaren etekinen gaineko atxikipenek ere hazkunde nabarmena izan dute, % 77,5ekoa, eta horrek eragin positiboa izan du PFEZean ere, oro har % 4,3 egin baitu gora (+46,8 milioi).

Ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren bilketan zifra negatiboak mantendu dira, 40 milioi euro baino gehiago murriztu baita, aurreko ekitaldian ezohiko diru-sarrera egon zelako.

Zeharkako zergetan 1.181,1 milioi euro bildu guztira, hau da, % 5,4 gutxiago, hidrokarburoen sektoreari eragiten dion bilketaren bilakaeraren ondorioz: BEZari dagokionez, % 6,1 gutxiago bildu da, eta hidrokarburoen gaineko zerga bereziari dagokionez, berriz, % 10,2 gutxiago.

Gainerako zerga bereziek eta tributuen arloko gainerako kontzeptu garrantzitsuek bilakaera positiboari eutsi diote: alkoholaren gaineko zergak % 15,1 egin du gora; elektrizitatearen gaineko zergak ia hirukoiztu egin du 2022ko bilketa; matrikulazioaren gaineko zergak % 12,0 egin du gora, eta egintza juridiko dokumentatuen gainekoak, % 19,1. Ondare eskualdaketen gaineko zergaren eta berotegi efektuko gas fluordunen gaineko zergaren bilketak baino ez du egin behera (-% 3,8 eta -% 36,2, hurrenez hurren).

Tasak eta bestelako diru-sarrera direla-eta, 17,5 milioi euro bildu dira. Aurreko ekitaldian, aldiz, 26,2 milioi euro bildu ziren. Ekitaldi horretan, berandutze-interesetan eta zehapenetan eragina izan zuen gorago aipatutako ez-egoiliarren errentaren gaineko zergan izandako ezohiko diru-sarrerak.