Urtero bezala, ermuarrak izango dira Santixauetako kartela aukeratzeaz arduratuko direnak. Kultura sailak 2024ko herriko jaiak irudikatuko dituen obra aukeratzeko lehiaketaren edizio berri bat deitu du, eta lehiaketaren oinarriak eta nondik norakoak ezagutzera eman ditu baita ere. Zabalik dago jada parte hartzeko epea.

Lehiaketa parte hartze librekoa da, eta lehiakide bakoitzak, gehienez, beste kartel-lehiaketa batzuetan sarituak izan ez diren hiru lan original aurkeztu ahal izango ditu. Lehiaketa honetan parte hartzeak berekin dakar baldintza hori aitortzea.

Aurkeztutako kartelek nahitaez aipatu beharko dituzte, gaiaren aldetik, herriko jaiak, edozein ikuspegitatik dela ere. Era berean, Santiagos 2024 Ermuko Jaiak legenda jaso beharko du.

Lehiaketara aurkeztutako obrek mezu iraingarriak saihestu beharko dituzte, baita deialdiaren xedearekiko desegokiak edo pertsonekiko errespeturik gabeak direnak ere. Antolatzaileek baztertu egingo dituzte epaimahaiaren iritziz adierazpen edo sinbologia matxista edo sexista duten obrak, edo herritarrentzat oro har iraingarriak izan daitezkeenak.

600 euroko sari bakarra

Edozein teknika erabil daiteke kartela egiteko. Jatorrizko lanak kultura@udalermua.net helbide elektronikora bidali behar dira, Santixauetako 2024 Kartel Lehiaketa leloarekin. Lanak aurkezteko epea maiatzaren 8an, asteazkena, amaituko da.

Epaimahaiak maiatzaren 17an emango du jakitera bere erabakia, eta irabazleak 600 euroko saria jasoko du. Kartelak jaietako egitarauaren azala erakutsiko du.