Elorrioko Udalak egitarau berezia prestatu egin du bihar Irunen hasi eta zortzi egun beranduago, martxoaren 22an, udalerritik igaroko den Korrikaren 23. edizioa ospatzeko. Asteazken honetan goizean aurkeztu egin dute egun horretarako prestatutako programazioa.

Jai-giroa nagusituko da Elorrion Korrika pasatzen den egunean, horretarako osagaiak asko dira-eta. Halaxe azaldu du AEK-ko kide Mertxe Mujikak: “Opor usaina duen ostiral batean hartuko dugu testigua herrian, iluntze aldera, oso ordutegi onean. Hori dela eta, ikastetxeekin egun berean adostu dugu aurtengo egitaraua, eta eguerditik aurrera egongo dira ekintzak”.

Hala, 14:30erako antolatu dute plazatik abiatuko den Korrika Txikia. Jarraian, txokolate-jana egingo dute, eta 18:30ean giroa animatzen jarraituko dute DJ Kaktus-ek plazan eta Fanfarrixo txarangak herrian zehar.

Eguna borobiltzeko, 20:15ean helduko da Korrikaren tropela Berriztik, eta Miñotan egingo diote ongietorria. Udalerrian 9 kilometroko ibilbidea osatuko du, Atxondora iritsi arte. Beste edizioetan baino lekuko aldaketa gehiago egongo direla ziurtatu du Mujikak: “Oso anitza izango da, eta oso pozik gaude berriro Korrikak izango duen oihartzunarekin”.

Izan ere, guztira 23 talde zein eragiletako ordezkarien eskuetatik pasako da lekukoa. KorrikaApp aplikazioan begiratu daiteke zein kilometrotan eroango duen lekukoa talde bakoitzak.

Emanaldiak Arriolan

Korrika Kulturalaren egitaraua, ordea, ez da egun bakarrera mugatuko. Arriola Kultur Aretoan Bizkarsoro filma proiektatuko dute martxoaren 17an, 18an eta 19an, 20:00etan. Martxoaren 22ko goizean DBHko ikasleak bertaratuko dira antzokira pelikula hori ikustera, Korrika Txikia hasi aurretik.

Azkenik, martxoaren 23ko Baginaren bakarrizketak antzezlana ere Korrika Kulturalean kokatzen da.