Oso gutxi falta da San Atontxu jaiak ospatzeko, eta dagoeneko den-dena prest dauka Mungiako Udalak. Urtero bezala, udalerriko hainbat elkarteren laguntzarekin, ahalik eta egitaraurik zabalena aurkeztu egin du aurten.
Urteko lehen hilabetean Bizkaian ospatzen den jairik ezagunenetako batean, San Antontxu ganadu feriaz eta txorizo eta odolkien lehiaketaren XXVI. edizioaz gozatu ahal izango da, baita San Antonen biharamunean egingo diren jarduera ugariez ere, ohikoa denez.
Horrela, urtarrilaren 14an hasiko da programazioa, Igor Elortza, Ibai Amillategi, Izaro Bilbao eta Xabat Galletebeitia bertsolariekin. Amaieran, "Bertso-Paper Lehiaketa" ren XXVI. edizioko sariak banatuko dira. Urtarrilaren 17an, San Anton egunean, ohiko meza izango da 11:30etan San Anton ermitan.
Urtarrilaren 18an, San Antontxu Azoka Handia ospatuko da ganadu, animalia, artisau produktu, landare eta frutekin, txorizo eta odolkien Euskadiko lehiaketarekin, etab. Gure Ametsa Txistulari Taldeak, Trikitixak eta Amilotx Dantza Taldearen Kalejirak alaituko duten entretenimendu modu ezberdinez beteriko eguna izango da. 11:00etan, abereen erakusketako arrazak aurkeztuko dira, haien ezaugarriei buruzko azalpenekin. Nekazaritzako eta lorezaintzako makinen, fruta-arbolen, apaingarrien eta autoktonoen eta nekazaritzarako tresnen erakusketa ere egongo da. Azpimarratzekoa da nekazaritzako elikagaien salmenta postuak eta txosnak egongo direla, baita erakusketariak ere, gehienak Bizkaikoak, baina baita Araba, Gipuzkoa, Nafarroa eta Burgoseko ordezkariekin ere.
Halaber, arratsaldean, Esku Pilota profesionaleko partiduen txanda iritsiko da Mungiako Udal Pilotalekuan, eta "Loti ederrak" antzerki musikaleko emanaldiarena Olalde Aretoan. Ondoren, "Gora Herria" taldearekin erromeria Euskal Pizkundeko etorbidean eta kale-animazioa Txikuri Fanfarriarekin egunari amaiera emateko.