Urtero bezala, Galdakaoko Udalak aurkeztu egin ditu uda honetan garatuko dituen aisialdirako gazte- eta kirol-programak. Ohi moduan, Galdakaoko eta Usansoloko umeen artean euskararen erabilera sustatzea izango dute helburu.

Gazte udalekuak

12-16 urte bitarteko gazteek udaleku ireki batean parte hartzeko aukera izango dute uztailean. Uztailaren 3tik 21era, Aperribai, Usansolo, Indarra eta Plazakoetxeko Topaguneetan ekintza eta irteerak antolatuko dira: scape room, espeleologia, eskulanak, irteerak hondartzara, argazkilaritza tailerra…

Gazte bakoitzak txanda baten, bitan edo hiru txandatan eman ahalko du izena, ekainaren 4ra arte:

Aste baterako izena ematen duenak 30 euro ordaindu beharko du; bi astetarako izena eman nahi duenak, 50 euro; eta hiru astetara apuntatzen denak, 60 euro; hala eta guztiz ere, diru sarreren araberako hobariak egongo dira. 

Udaleko webgunetik edota Torrezabal Kultur Etxean eman daiteke izena (izen emate orria betetzean ezinbestekoak izango dira osasun txartela, NANa edo familia liburuaren fotokopia).

Eskaintzen diren plazak baino eskari handiagoa balego, zozketa egingo litzateke ekainaren 7an, Gazteria Arloan.

Udalekua hasi baino bi aste lehenago, informazio bilera bat egingo da onartutako gazte eta guraso edo tutoreekin, informazio guztia eman eta zalantzak argitzeko. Informazio gehiagorako: topaguneak@argizai.org eta 688 88 32 89 telefonoa.

Kirol udalekuak

Udako kirol udalekuetan izena emateko epea ere zabalik dago. Online eman daiteke izena, edota presentzialki Urretako zein Unkinako kiroldegietan. 5 eta 12 urte bitarteko ume eta gaztetxoei bideratutako udalekuak izango dira eta hiru txandatan gauzatuko dira: ekainaren 26tik 30era; uztailaren 3tik 7ra eta uztailaren 10etik 14ra. 

Txanda bakoitzerako prezioak honako hauek izango dira: abonatuak 70 euro eta ez abonatuak 84 euro. Jarduerak Unkinako eta Urretako kiroldegietan izango dira, 09:00etatik 14:00etara; haurrak ekarri eta eramateko zerbitzua, berriz, 08:30etik 09:00etara eta 14:00etatik 14:30era egongo da erabilgarri. Informazio gehiago kiroldegietako harrera kontroletan emango da.