Astero bezala, ezagutzera eman ditu Ermua Antzokiak asteburu honetan eskainiko dituen lau filmen izenak. Saio hauek urriari agur esango diote, azaroko programazioarekin hasi baino lehen.

Programazioa ostegun honetan hasiko da zineklub saioarekin, eta bertan Una historia de amor y deseo pelikula frantsesa emitituko da. Leyla Bouzidek zuzendutako amodiozko drama honetan Ahmed ezagutuko dugu, aljeriar jatorriko 18 urteko frantziar gaztea, Paris inguruko auzo batean hazia. Unibertsitatera iristean, Farah tuneztar gazte eta energiaz betea topatuko du, Frantziako hiriburura iritsi berria. Sekula imajinatu gabeko literatura arabe sentsual eta erotikoz osatutako bilduma aurkitzen duten heinean, Ahmed Farahrekin itsu-itsuan maiteminduko da. Una historia de amor y deseo ostegunean eskainiko da 20:30ean jatorrizko bertsioan azpitituluekin.

Zine komertziala larunbatean 19:30ean hasiko da Fuego filmaren lehenengo saioarekin. Amodiozko beste drama frantses honek Juliette Binoche eta Vincent Lindon ditu protagonista, Claire Dennisen gidaritzapean. Elkar ezagutu zirenean, Sara Françoisekin bizi zen, Jeanen lagunik onenarekin. Orain, Sara eta Jean asko maite dira eta elkarrekin bizi dira duela 10 urtetik. Egun batean, Sarak François ikusiko du kalean; hura ez da ohartuko, baina emakumea bere bizitza erabat aldatu daitekeela pentsatzen hasiko da. Aldi berean, Françoisek eta Jeanek euren harremana berreskuratuko dute urte askoren ostean, eta elkarrekin lan egiteko aukera sortuko zaie. Berlingo Jaialdian Zilarrezko Hartza lortu du Fuego lanak, eta astelehenean 20:30ean ere ikusgai izango da.

Asteko bigarren eta azken pelikula komertziala Juan Diego Bottok zuzendutako En los márgenes istorio gurutzatuen thrillerra izango da. Penelope Cruz, Luis Tosar eta Adelfa Calvo protagonista dituen film honek familia, maitasuna eta elkartasuna ditu ardatz. Hiru pertsonaien atzera kontua, elkarren artean lotura duten hiru istoriotan; euren bizitzak betirako aldatu ditzakeen 24 ordu gakoetan bizirauten eta aurrera egiten saiatuko dira. Estres ekonomikoko egoera batek pertsonen arteko harremanetan zer-nolako eragina izan dezakeen erakusten du pelikulak, eta aurrera egin ahal izateko, maitasuna eta elkartasuna garrantzitsuak izan daitezkeela. Erlojuaren aurkako bidaia, hiri handi baten ertzetan. En los márgenes larunbatean 22:00etan eta igandean 19:30ean emitituko da.

Haurrentzako zineari dagokionez, igandean 17:00etan Operacion bebe oso eskainiko da, Operacion panda animaziozko film dibertigarriaren segidako abentura. Urtebete pasatu da Mic Mic hartza eta Oscar untxia euren abentura sinestezinetik itzuli zirenetik. Orain, presidente izateko hauteskundeetan aurkariari Grizzly kumea ematea ekiditeko plan maltzurra antolatu du Vulturek. Horri aurre egiteko, beste abentura zirraragarri batean murgilduko dira Mic Mic, Oscar, Panda nerabea eta Stork.