Bizkaiko Foru Aldundiak ezagutarazi duen bezala, garraio astunek ordaindu behar izango dute N-240 eta BI-625 errepideak erabiltzeagatik. Arau hau urtarrilaren 1etik aurrera jarriko da martxan.
Bizkaiko Foru Aldundiak hilabeteak daramatza errepide bidezko salgaien garraioaren sektorearekin hitz egiten eta dagoeneko ezarri du erabileraren ordainketa indarrean sartuko den lehenengo bi errepideen kanonaren zenbatekoa. Bi kasuetan Europak baimendutako gehieneko kanona baino txikiagoa ezartzea erabaki da eta, neurri horrekin batera, deskontuak aplikatuko dira bai erabilera-maiztasunari dagokionez, bai ibilgailu eraginkorrenei dagokienez.
Bizkaiarentzako erabileragatiko ordainketa-sistema berriaren helburua aplikatzen den errepide-sarearen baldintza ezin hobeak bermatzea da, sarea kontserbatzeko, mantentzeko eta ustiatzeko behar besteko inbertsioa bermatuko duen kudeaketa eraginkorrago eta orekatuago baten bidez. Era berean eredu honek Bizkaia EBn ezarritako deskarbonizazio-gidalerro eta -helburuen ildoan jartzen du, 3,5 tonatik gorako kamioi handiei CO2 isuriak murriztera eta bide-segurtasuna hobetzera bultzatuz, aldi berean istripu-tasa murriztuz.
N-240 errepidean (Barazar) Urgoiti-El Gallo lotunearen (55 k.p.) eta Ubidea (23 k.p.) artean free flow motako 9 arku aktibatuko dira, honako tarifa hauen arabera (BEZa barne) kontrol-gune hauetatik igarotzean:
Era berean, % 13ko deskontua ezartzen da N-240 Tarragona - Bilbo (Barazar) noranzko bakarrean hilabete naturalean 20 bidaia edo gehiago egiten dituzten ibilgailuentzat, hain zuzen ere Urgoiti-El Gallo lotunetik (55,773 k.p.) Ubideko saihesbideraino (23,050 k.p.), edo kontrol-guneetako pasabideen baliokidetasuna, betiere identifikatzeko eta ordaintzeko gailu telematiko (OBE) beraren bidez ordaintzen badira.
BI-625 errepidean free flow motako 8 arku aktibatuko dira Laudiotik (372,560 k.p.) Basaurira (387,310 k.p.), ondorengo tarifaren arabera (BEZa barne), adierazten diren kontrol-guneetatik igarotzean:
Era berean, % 13ko deskontua ezartzen da hilabete naturalean BI-625 errepidearen noranzko bakarrean 20 bidaia edo gehiago egiten dituzten ibilgailuentzat, Laudiotik (372,560 k.p.) Basaurira (387,310 k.p.), edo kontrol-guneetako pasabideen baliokidetasuna, betiere identifikatzeko eta ordaintzeko gailu telematiko (OBE) beraren bidez ordaintzen badira.
Deskontuak motor motaren arabera
Dekretuak, halaber, deskontuak aurreikusten ditu gutxiago kutsatzen duen motorizazio-tipologiaren arabera. Salgaien errepideko garraioak ingurumenean duen eragina murrizteko helburuekin bat datorren neurria da, ibilgailu eraginkorrenei mesede eginez.
Hiru deskontu mota zehazten dira, motor motaren eta emisio-mailaren arabera:
- % 25eko deskontuak ibilgailu astun elektriko, hibrido eta gas bidez propultsatuentzat, DGTren sailkapeneko O eta ECO etiketa duten ibilgailuak.
- % 20ko deskontuak EURO 6 ibilgailu astunentzat.
- % 15eko deskontuak EURO 5 ibilgailu astunentzat.