Datorren asteazken eta ostegunean, urriaren 19an eta 20an konkretuki, bi liburu aurkeztuko dira Amorebieta-Etxanoko liburutegian. Alde batetik, Oskar Gaztelu Bilbaok, Larrabetzun jaio eta Bigarren Hezkuntzako irakasle denak, heriotzaren gaia jorratuko du ‘Heriotzari aurrez aure begira’  lanarekin; urriaren 19an izango da, 19:00etatik aurrera. Bestalde, Lola López de Lacalle zornotzar idazleak ‘Relatos a Vuelapluma’ izenburupean biltzen diren idatziak aurkeztuko ditu hilaren 20an, 19:30etan. Bertan, Zelaieta Zentroan emandako Sormenezko Idazketa Tailerrean ikasleen lanak jasotzen dira. Liburuak Bilboko Udalak antolatutako XXII. Miguel de Unamuno saiakera-lehiaketako saria irabazi du.

Gazteluren lanak heriotzari buruzko teorietara hurbilduko gaitu, erlijio hurbilenek ezarritakotik urrunduz. Egileak hainbat esperientzia biltzen ditu, batzuk hildako gertuko senitartekoenak eta, beste batzuk, trantze horrekin eta horren ondorioekin zerikusia duten pertsonenak. Hiltzeko arriskua dela-eta, beldurtuta dauden pertsonekin lan egiten duten profesionalen testigantza ere ematen du.

Bestalde, Lola López de Lacallek dinamizatutako tailerraren emaitza da “Relatos a Vuelapluma”. Azpimarragarria da parte-hartzaileen eta lanaren koordinatzailearen ahalegina eta ausardia kontakizun horiek argitaratzerako orduan. Liburuak erakusten du irakurle izatetik haratago joan daitekeela, beste urrats bat eman daitekeela eta orri zuri batean adierazi eta idatz daitekeela. Horretarako, testu mota bakoitzaren ezaugarriak landu eta beharrezko teknikak ezagutu behar dira.