Urriaren 14tik 16ra ospatuko da Mangamore jaialdiaren edizio berria. Aurtengoa hamaseigarren edizioa izango da, koronabirusaren pandemiak eragindako egoera dela eta azken bi edizioak bertan behera utzi behar izan ondoren.
Aurkezpenean, Andoni Agirrebeitia alkateak azpimarratu du Mangamore jaialdi ospetsua dela, manga eta anime munduko jarraitzaileen egutegian asteburu seinalatua: “asteburu horretan Amorebieta-Etxano manga munduaren epizentroa izango da. Milaka izan ohi dira programatutako jarduerez gozatzeko asmoz gure herrira etortzen diren pertsonak. Gainera, Mangamore hortik haratago doala nabarmendu nahi dut. Egitarau zabalari esker, adin guztietako zornotzarrek gozatzen duten jaialdi tematiko bat da hau, nahiz eta manga edo animearen zale sutsuak ez izan”.
Bestalde, Ainhoa Salterain Gandariasek, Hiritartasun arloko arduradunak, eta Gizarte Ekintza eta Berdintasun zinegotziak azaldu duenez, aurtengo edizioak bost gune izango ditu: gune gorria Amorebieta IV frontoian egongo da; gune berdea Zelaieta Zentroan, gune morea Gaztetxokoaren sarreran; gune urdina Zelaieta parkean jarriko den karpan eta gune horia Zornotza Aretoa eta Herriko Plaza artean.
Megamax eta El Quinto Emperador
Hamaseigarren edizio honetako programan nagusi izango dira bi youtuber ezagun eta maitatu: Megamax eta El Quinto Emperador. Salterainek azaldu duenez, Megamax izango da aurtengo izarra, sare sozialetan benetako fenomenoa den youtuber honek 7 milioi jarraitzaile baino gehiago biltzen ditu plataforma guztietan: “Megamaxek 5 milioi zale ditu TikToken, milioi bat Youtuben eta 250.000 inguru Twitterren, besteak beste. Megamaxen profila erabiltzen du bere plataforma guztietan animeaz eta mangaz hitz egiteko; berak azaldu duen moduan, munduko edozein bazterretako pertsonak entretenitzea du helburu, eta, batez ere, nerabezaroko trantsizioa bizitzen ari diren gazteak”. Bestalde, gonbidatutako beste youtuberra El Quinto Emperador izango da: “One Pieceren zale amorratu den youtuber gipuzkoar hau ezaguna egin zen telesailari buruzko teoriengatik eta animearen bertsio epiko honi buruz egindako beste bideo mota batzuengatik. Gainera, manga munduan ezaguna da arropa marka propioa duelako”. Bi youtuber horiek gune gorrian egongo dira, urriaren 15ean, 12:30etik aurrera.
Gune gorriarekin jarraituz, Salterainek aurreratu du egun horretan bertan, urriaren 15ean, Ruki-Chan ere Amorebieta-Etxanon izango dela: “artista gonbidatu hau, jatorriz valentziarra, Japonian ospetsu egin zen, bertako pop talentu gazteen lehiaketa batean atzerriko irabazlea izan ondoren. Iragarpen guztien aurka, eta Momoi buru zuen epaimahai baten aurrean, beste hiru hautagaien artean gailendu zen. Ondoren, bi single grabatu zituen eta bere lehen diskoa kaleratu zuen Haruko Momoiren diskoetxearekin”. Era berean, Salterainek azaldu duenez, hau ez da eguneko kontzertu bakarra izango: “Murasaki Taiko taldeak danbor japoniarraren unibertso sonoro eta eszenikoan oinarritutako kontzertua eskainiko du; eta Behotsik Orkestrak Japoniako marrazki bizidun eta beste film eta telesail batzuetako soinu-banda ezagunenak joko ditu kontzertuan”.
Era berean, Salterainek azaldu du, gune gorritik irten gabe, baina urriaren 16an, igandea, bi erakustaldi izango direla: “Aikido Tanabe eta Tengu taldeek arte martzialen erakustaldia eskainiko dute eta Mitsuru Nagatak Sumi-e erakustaldi bat egingo du, tinta beltzeko marrazketa teknika batean oinarritutako arte japoniarra”.
Bi hitzaldi euskaraz
Gune berdera mugituta, eta programatutako hitzaldiei dagokienez, Salterainek bi nabarmendu ditu: "aurten bi hitzaldi ditugu, euskaraz emango direnak. Alde batetik, urriaren 14an, 19:00etan, Jose Antonio Morlesín Melladok iaz EHUk argitaratutako gidaren xehetasun guztiak emango ditu: Komikiak aztertzeko gida bat. Argitalpen honek komikia irakasteko material dibulgatibo gisa egindako komikia jasotzen du; Oxfordeko Unibertsitateko Giza Zientzien Ikerketa Zentroko kideek sortua da. Eta, bestalde, Jose Carlos Torrek eta Maitane Echevarriak TTAK komiki eta ilustrazio aldizkaria aurkeztuko dute, ikasleei profesionalizaziorako bidean laguntzeko helburua duena”.
Cosplay eta Asian Dance
Aurten ere ez dira faltako ohiko Cosplay eta Asian Dance lehiaketak: “txapelketak Mangamore Jaialdietako beste hitzordu garrantzitsu bat dira. Cosplay lehiaketak bi modalitate izango ditu: lehenengoan, parte-hartzaileek karakterizatu eta desfilatu egin beharko dute, eta bigarrenean, horrez gain, aukeratutako pertsonaiaren izaera hartu eta eszenatoki gainean interpretatu beharko dute. Asian Dance txapelketan, parte hartzaileek, Euskal Herri osotik etorriak, Korean edo Japonian modako talde bat aukeratu beharko dute eta euren koreografia bat antzeztu eszenatokian, imitazioa ahalik eta errealena izanik”. Zinegotzi zornotzarrak gaur gogorarazi duenez, bi lehiaketa horietako edozeinetan parte hartu nahi duten guztiek aldez aurretik eman beharko dute izena mangamore.eus webgunearen bidez.
Puzgarriak eta Umore Horia
Era berean, Salterainek aipatu du aurtengo edizioak ere puzgarriak izango dituela adin guztietarako: “haurrentzako puzgarriak gune berdean egongo dira, jaialdiak irauten duen egun guztietan. Era berean, ohiko Umore Horia puzgarriak gune horian egongo dira”. Halaber, Salterainek gogorarazi du, euria egingo balu, bi puzgarriak Gure Kirolak pilotalekura eramango liratekeela, eta gerturatu nahi duten pertsonek txu-txu trenez egin ahal izango luketela joan-etorria.
Manga familia guztiarentzat
Hasieran Agirrebeitia alkateak azaldu duen bezala, manga munduaz haratago, Mangamorek adin eta familia guztietara iristea du helburu, eta horregatik izango dira ekitaldiak, tailerrak eta txu-txu tren-irteerak jaialdiak irauten duen hiru egunetan: ”Ureshi Zelaieta Zentroan izango da goiz eta arratsaldez, hurbiltzen diren haur eta familiekin argazkiak ateratzeko gogoz. Era berean, ez dira eskulan eta pintura tailerrak faltako. Horietan parte hartu ahal izateko aldez aurretik eman beharko da izena mangamore.eus webgunean edo Zelaietako Gazte Informazioaren bulegoan”.
Pelikula eta bideo jokoak Zornotza Aretoan
Zornotza Aretoa Mangamore Jaialdiaren gune horia izango da: “espazio honetan, pantailako bideo-jokoen txapelketak jokatuko dira: Super Smash Bros Ultimate eta Fifa 23. Horrez gain, Tengu la leyenda antzezlanaz gozatu ahal izango da eta Totoro eta Belle filmak eta Hikkikomori film laburra proiektatuko dira”.
Manga kulturako produktuen eskaintza zabala
Eta nola ez, Mangamore azokaren edizio honek manga, anime eta kultura japoniarreko produktuen stand ugari izango ditu: “alde batetik, eremu urdinean, Zelaieta karpan, denda espezializatuen stand komertzialak kokatuko dira; gainera, jateko aukera egongo da. Eta, bestetik, gune morean, komertzialak ez diren standak jarriko dira. Batzuetan eta besteetan eskuz egindako lanak, bideo-jokoak, komikiak, posterrak, irudiak eta abar aurki daitezke”.