Astebete barru, irailaren 11n, Derandein Mendi Martxaren laugarren edizioa ospatuko da. Edizio berezia izango da, koronabirusaren pandemiaren osteko lehenengoa izango baita.

7 kilometroko ibilbidea

Ibilaldia goizeko 10:00etan irtengo da Jauregibarria parketik eta partehartzaileek 7 kilometroko ibilbidea egingo dute Zubipunte, Derandein, Urumin, Arrindas, Etxano Epaltzako bidea eta Urritze auzoetan zehar, Jauregibarria parkean amaituz. Ibilaldia bukatutakoan, 13:00etan, pintxo-potea eta trikitixa izango dira.

Ibilaldian parte hartu nahi dutenek aldez aurretik izena eman beharko dute: www.derandein.org orrian formularioa betez, derandein@derandein.org helbidera mezu bat idatziz edo egunean bertan, ibilbidearen irteera-puntuan, 09:30ean. Izen-ematea doakoa da.

Erakusketa

Aurtengo edizioaren baitan, gainera, `Afrika, Emakume izenarekin’ erakusketa ere izango da. Horrela, parte-hartzaileek Afrikako emakumeen egoerari buruzko informazioa eskuratu ahal izango dute ibilbidean zehar; hainbat eremu landuko ditu erakusketak, hala nola hezkuntza, osasuna eta ekonomia.

Eskolatze-tasaren murrizketa

Amorebieta-Etxanoko Udalak, Trabajando por el Corazón de África (TRACAF) erakundeak, Derandein Fundazioarekin elkarlanean gauzatzen duen garapenerako lankidetza proiektu bat finantzatzen du, Kinshasan, Kongoko Errepublika Demokratikoan. 

Proiektu horri esker, baliabide gutxiko 536 haurrek kalitatezko hezkuntza jaso ahal izan dute 2021-2022 ikasturtean. Amorebieta-Etxanoko Udalak Nuestra Señora de Covadonga- Kepa Azarloza ikastetxearekin egindako lankidetzari esker, eskola-uztearen tasa murriztea lortu da: 2019an %2,6koa izatetik 2022an %1,4koa izatera pasa da. Kontuan izan behar da herrialdeko eskolatzearen batez bestekoa 5,3 urtekoa dela neskengan, eta 8,4 urtekoa mutilengan.

Ikastetxeak hiru hezkuntza-maila eskaintzen ditu: Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntza. Amorebieta-Etxanoko Udalaren eta beste emaile batzuen lankidetzari esker, 500 haur baino gehiagok jaso ahal izan dute urtero, 2019tik, kalitatezko hezkuntza.