San Fidel ikastolan eta inguruko etxebizitzetan kokatuko den Tokiko Energia Komunitatearen “onura ekonomikoak eta ingurumenekoak gerturatzeko”, informazioa eskaniko duen postua kokatu zuten atzokoan Gernika-Lumoko Merkatu plazan. Datozen bi egunetan bertan izango da gunea, gernikarrei “energia berriztagarria sortzeko eta kontsumitzeko” gonbita luzatuz. Jakina da erdiguneko ikastetxeak bere estalkiko 600 metro koadroko zabaleran instalatutako 200 eguzki-plaka izango dituela, eta 500 metrotara dauden 150 etxe eta denda txiki bildu ahal izango dituela. Bada, Udalak ere pausoa emango du: Kultur Etxea sistema honi konektatuko zaio etorkizunean.

Edinor enpresak jakinarazi zuenez, sistema berritzaile honek “udalerriaren iraunkortasunari lagunduko dio; izan ere, instalazioak urtean 885 tona CO2 isurtzea saihestuko du Gernika-Lumon, hau da, 25 urtez CO2 xurgatzen duten 3.500 zuhaitz landatzearen pare, horixe baita plaken bizitza erabilgarria”. Javier Zuazola Edinor-eko zuzendariak azaldu zuenez, “hemen bizi diren edo negozioa duten pertsona guztiak gonbidatzen ditu datozen bi egunez Merkatu plazan egongo den TEK San Fidelen karpa informatibora hurbiltzera”.

Bestalde, “TEK San Fidelek 115.000 euro inguruko inbertsioa” duela azaldu zuten, “eta Energiaren Euskal Erakundeak kudeatzen dituen Next Generation funtsen laguntza jaso” duela, zehazki “75.000 eurokoa”. Hau dela eta, Gernika-Lumon ezarriko den Tokiko Energia Komunitateak “aurrezpena sortzen du parte-hartzaileentzat lehen hilabetetik” hasita. Maria Uribe alkateorde eta Ingurumen zinegotziak Udalaren “adibide izateko gogoa” azpimarratu zuen. “Hitzetatik ekintzetara pasatzeko ordua” dela iritzita, “Kultur Etxea sistema honen kide” izango dela aureratu zuen. Bestetik, urtean zenbait sentsibilizazio eta hezkuntza kanpaina jarriko dituzte martxan. “Administrazioak, edozein mailatan dela, eredu izan behar du, eta aurkezten dugun proiektu hau ederra da horretarako”.

TEK San Fidel delakoan parte izateko izen-ematea zabalik egongo da bere sistema berriaren webgunean (http://www.teksanfidel.eus “Instalazioaren obrak hilabete horretan bertan hasiko dira, eta udaren amaieran amai-tzea aurreikusten da”. Muskiz eta Gernika-Lumotik igaro ondoren, Zierbenan (Bizkaia) eta Berrobin (Gipuzkoa) bere ibilbidea egiten jarraituko du TEKen Karabanak, “herri horietan Edinor ereduko Tokiko Energia Komunitateak eratu baitira. Proiektu horiek guztiek Europar Batasuneko Next Generation funtsen babesa jaso dute, eta lau udalak, TEK San Fidel ikastola eta Somorrostroko Prestakuntza Zentroa lankide izan dituzte”.

Gorabeherarik ez

Edinor enpresako buru Javier Zuazolak azaldutakoaren arabera, “TEKak eguzki-plakak instalatzen ditu udalerriko eraikinen estalkietan kontsumitzen den energia elektrikoaren % 25 sortzeko, eta gainerako % 75 jatorri berriztagarriko energia batera erosiz osa-tzen da, parte-hartzaileek merkatuko preziorik onenak eskura ditzaten”. Honek zer ahalbidetzen du: “Energiaren kostuak bere izaten duen gorabeherak sahiesten ditu”.

“Administrazioak eredu izan behar gara energia sistema berriztagarriak ezartzerako orduan”

Gernika-Lumoko Udaleko alkateordea

“Energiaren prezioek izaten ohi dituzten gorabeherak saihestea lortzen da sistemarekin”

Edinor enpresako zuzendaria