BILBO. Bizkaiak 2022an ospatuko den Kirol Anitzeko Europako Triatloi Txapelketa hartuko du. Txapelketa lurraldeko hainbat lekutan ospatuko da, hala nola Bilbon eta itsasadarrean zehar Getxorantz, Bermeon, Urdaibaiko Biosfera Erreserban eta Enkarterri eskualdean. Europako Txapelketak duatloia, duatloi krosa, akuatloia, triatloi krosa, distantzia erdiko triatloia eta aquabike probak jasoko ditu.

Horrez gain, ezin baita beste era batera izan, paratriatletek ere parte hartuko dute, batzorde antolatzaileak eta Espainiako Triatloi Federazioak inklusioarekiko duten konpromisoaren baitan.

Hainbat agintari bertaratu dira nazioarteko ekitaldiaren aurkezpenera, besteak beste: Bilboko alkatea, Juan Mari Aburto, eta Bizkaiko Ekonomia Sustatzeko diputatua, Ainara Basurko. Kirolaren arlotik, ondokoak izan dira: Espainiako Triatloi Federazioko presidentea, José Hidalgo; Europako Federazioaren ordezkaria, Alicia García, eta Euskal Triatloi Federazioko presidentea, Ibán Pérez.

EKITALDI GLOBALA: KIROLA, TURISMOA, KULTURA€

Kirol Anitzeko Europako Triatloi Txapelketa kirol-ekitaldi bat baino gehiago da. Kirolak osatzen duen ardatz nagusitik abiatuta, ekitaldi global honek funtsezko bost oinarri ditu: kirola, turismoa, kultura, gastronomia eta jasangarritasuna.

Horiek horrela, gutxienez 30 herrialdetatik etorritako 3.000 kirolari eta 5.000 laguntzaile baino gehiagok esperientzia paregabe bat biziko dute Bilbon eta Bizkaian, non herri honen balio tradizionalak kirolarekin eta ingurunearekin uztartzen diren, hiru ardatz natural hauek oinarri: kostaldea, itsasadarra eta mendiak eta parke naturalak. Horrez gain, tokiko ekonomian 10 milioi euroko eragin ekonomikoa sortzea espero da.

Hiru ardatz horietan paisaien aniztasuna eta edertasuna islatzen da, izan ere, zaila izaten da paisaia horiek bata bestearengandik hain hurbil ikustea. Ardatz horien bidez, eta lurraldeko hiriburua den Bilborekin batera, Bizkaiko historia eta nortasuna ulertzeko eta ezagutzeko aukera izango dute. Proiektu osoa ingurumenarekiko jasangarritasunean oinarrituko da. Halaber, Bilbao Bizkaian egingo den Kirol Anitzeko 2022ko Europako Triatloi Txapelketa honek aukera kultural, gastronomiko eta turistiko zabala eskainiko du.