BILBO. Baso-suteen koordinazioa, mendialdeko, landako eta hiri-inguruko erreskateak eta bilaketak, bai eta natura-ingurunearen kutsadura-mota batzuk izango dira Bizkaia Prest lurraldeko larrialdietarako zentro integralaren jarduera berrietariko batzuk. Bizkaiko Foru Aldundiak zentroaren bigarren fasea amaitu du dagoeneko eta, beraz, orain arte Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailak zuzenean artatzen zituen basa-faunarekin lotutako jarduerak garatuko ditu Bizkaia Prestek.

Horrela egoera horietan esku hartu behar duten baliabideen erabileraren efikazia eta efizientzia areagotzen dira; izan ere, egoera horietarako sarrera-bide bakarra dago, erabateko koordinazioa eta erantzuteko denbora aurreztea ahalbidetzen duena, SOS Deiak larrialdiei aurre egiteko euskal sistemaren deiak jasotzen dituen zentroarekiko harremana zuzena eta bi noranzkokoa delako.

"2019ko urtarrilean Bizkaia Prest martxan jarri genuenean, iragarri genuen fase berriak gehitzen joango zela; izan ere, ezarri dugun helburua zentro hau larrialdi-egoeretan esku hartzen dugun foru-sail eta -zerbitzuen koordinazio-puntu bakarra izatea da. Gaur, zentroaren bigarren fasea amaituta, baso-suteen kudeaketaren koordinazioa txertatuta, helburu hori lortzeko beste urrats bat eman dugu. Eta arrazoi oso argi batengatik egiten dugu: larrialdietan eta gorabeheretan esku hartzen duten Aldundiaren baliabideen erabileran eraginkortasuna eta efizientzia hobetu nahi dugulako. Larrialdi eta gertakari hauetarako sarbide bakarra izateak, Bizkaia Prest bezalako kanal bakar batek, baliabideen erabateko koordinazioa ahalbidetzen du, eta Foru Aldundiko zerbitzuek garatzen dituzten esku hartzeek amaiera positiboa izan dezaten oso baliotsua den denbora irabaztea lortzen du", adierazi du Ibone Bengoetxeak, Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako diputatuak.

Urrats berri honen ondorioz Bizkaia Prest zentrotik urtero kudeatzen diren esku hartzeak handitu egingo dira, egungo 5.600 esku hartzetik 6.000 esku hartze baino gehiagora. Hori dela eta, zentro horretan lan egiten duten operadoreen kopurua ere handitu behar izan da eta 12 izatetik 15 izatera igarotzen dira, eguneko txanda indartuz, txanda horrek hartzen duelako zentro horretan koordinatzen diren esku hartzeen % 60. Horrela, txanda horretan hiru pertsonak lan egingo dute, orain arte lan egiten zuten bien ordez.

Era berean, zentroak arduradun espezifiko bat izango du, eta informatika- eta komunikazio-sistemez arduratuko den teknikari bat ere sartuko da, urteko 365 egunetan eta egunean 24 orduz jarduten duten sistema horiek behar bezala funtzionatzen dutela bermatzeko.

Larrialdi berriak sartzeak, era berean, zentroak erabiltzen duen plataforma teknologikoa horrelako egoeretarako eskakizun espezifiko berrietara egokitzea ekarri du. Ildo horretatik gogoratu behar da Bizkaia Prest zentroak etengabe garatzen diren plataforma teknologikoak dituela larrialdien eta gertakarien katalogo osoa kudeatzeko, eta kudeaketa-aukerak eskalagarriak direla. Horri esker ondorengo faseetan hazten jarraitu ahal izango du, modu egokian, disfuntzio-arriskuak minimizatuz eta larrialdi edo gorabehera horiei aurre egiteko eskaintzen den erantzunean balioa emanez.

Bizkaia Presten eskuragarri dauden plataforma teknologikoek ahalbidetzen dituzten funtzionalitateen artean, larrialdi-egoeretan esku hartzen duten baliabideen geolokalizazioa dago. Funtzionalitate hori Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailak kudeatzen dituen larrialdi eta gertakarietan parte hartzen duten pertsonei aplikatuko zaie orain, eta horrek operatibo horietan esku hartzen dutenen segurtasuna nabarmen hobetzea ekarriko du.

"Pertsona horien segurtasuna areagotuko da, sistema horrek aukera emango baitu uneoro, behar izanez gero, non dauden jakiteko eta arriskuren bat dakarten jardueren jarraipena egiteko. Adibidez, baso-sute baten kasuan, sutea itzaltzeko ardura duen Baso Zerbitzuko teknikariak, beharrezkotzat jotzen badu, laguntza-taldeak osatzen dituzten pertsonak berehala gune seguruagoetara eraman ditzake, sutearen bilakaeraren arabera", adierazi du Elena Unzuetak, Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatuak.

Bigarren fase hau amaitutakoan, Bizkaia Presten eskalagarritasuna dela eta, larrialdietan aktibatu behar diren beste foru zerbitzu batzuk gehitu ahal izango dira.

ZENTROAREN DATU TEKNIKOAK

Bizkaia Prestek 180 metro koadroko azalera hartzen du Uriosteko suhiltzaileen parkeko administrazio-eraikinaren instalazioetan. Kokaleku hori, besteak beste, segurtasun-, eraginkortasun- eta irisgarritasun-arrazoiengatik hautatu zen. Bilbo Metropolitarraren bihotzetik gertu dagoen zentroa da, hau da, kontuan hartu zelako Bizkaiko Foru Aldundiaren larrialdi-zerbitzuen esku hartzeen % 60 inguru eremu horretan egiten direla eta bertan lurraldeko 20.000 biztanletik gorako 11 udalerrietatik 7 daudela.

Gainera, larrialdi handi baten kasuan, Bizkaia Prest zentroaren sarbideek arrazoizko bermea dute bide independenteen bidez (A-8, MHS eta N-634 errepideak), eta heliportu bat eta ibilgailuentzako aparkaleku bat jartzeko nahikoa leku du. Era berean, eremu segurua da, uholde-arriskurik gabea eta gorabehera kimiko larriek eragindako eremutik kanpokoa eta, aldi berean, leku garaian egoteak komunikazioak errazten ditu eta ingurunea urrutitik ikustea ahalbidetzen du.

Zentro honek lau esparru nagusi ditu:

  • Komunikazio-zentroa; operadoreen sei postu ditu eta bertatik koordinatzen da larrialdiei eskaini beharreko arreta eta eman beharreko erantzuna, hiru faseetan (aktibazioa, jarraipena eta itxiera).
  • Aginte-gela, hiru posturekin zerbitzu bakoitzeko guardiako arduradunentzat (suhiltzaileak, Baso Zerbitzuko teknikariak...).
  • Krisi-mahaia, larrialdiaren edo gorabeheraren jarraipena egiteko eta erabakiak hartzeko espazio fisikoa hartzen duena.
  • Eta laguntza teknikorako eta administrazio-lanerako gelak, bi arlo horietako langileak hartuko dituztenak.

Komunikazio-zentroak eta aginte-gelak bi bideowall eta 84 hazbeteko ukipen-pantaila handi bat dituzte.

36 BASO-SUTE 2020AN

Iaz 36 baso-sute izan ziren Bizkaian, eta 75,92 hektareako azalera hartu zuten. Kontuan hartuta gure lurraldean baso-azalera 160.000 hektareakoa dela, kopuru hori dagoen basoen % 0,04 da. Erretako eremu horietako asko, 53,15 hektarea (guztizkoaren % 70), sastrakak ziren, eta beste 21,08 hektarea (% 27,76) zuhaitzak zituzten esparruak. Gainerakoak larreak ziren.

Sute gehienek, 25ek (hau da, guztizkoaren % 69,4k), hektarea bat baino gutxiagori eragin zieten eta, beraz, teknikoki sute-konatutzat hartzen dira, eta 4 sute baino ez ziren izan (% 11,1) bost hektarea baino gehiago erre zituztenak. Eragin handieneko lau sute horiek eragindako azaleraren % 75,8 osatzen dute eta otsailean (bi sutetan 31,20 hektarea erre zirenean) eta irailean (26,37 hektarea erre ziren) gertatu ziren.

Bi hilabete horiek dira, beraz, erasandako azalera handienekoak, suteen kopuru edo garrantziari dagokionez hirugarrena izan zen apiriletik urrun. Apirilean, izan ere, 3,40 hektarea kiskali ziren suak kaltetutako lursailari dagokionez. Balantzaren beste muturrean, ekainean eta abenduan ez zen baso-suterik izan Bizkaian.