BILBO. Bizkaian mendetasun-egoeran dauden adinekoen eta desgaitasuna duten pertsonen egoitza-zentroetako egoiliarrek arau bereziak izango dituzte Gabonetan. Hala, abenduaren 23tik urtarrilaren 6ra bitartean, irteera bereziak, ibilaldi terapeutikoak eta senideen eta/edo hurbilekoen bisitak izan ahalko dituzte.

Bizkaiko Foru Aldundiak bisitak eta ibilaldiak funtsezko elementutzat hartzen ditu egoiliarren osasun fisikoan eta emozionalean, betiere covid-19aren hedapena saihesteko beharrezko mugen barruan, eta osasun-berme guztiak betez eta kontrol-neurri zorrotzak hartuz.

Bizkaiko Foru Aldundiak hartutako neurriak lurraldeko gizarte-zerbitzuetako zentro guztiei aplikatuko zaizkie, baina izaera orokorreko aintzatespen horrek salbuespen prebentiboak, aldi baterakoak eta berrikus daitezkeenak izango ditu, zentro bakoitza dagoen komunitate edo udalerriaren egoera epidemiologikoaren arabera.

BISITAK EGOITZA-ZENTROETAN

Lurraldeko egoitza-zentroetan senitartekoen eta/edo hurbilekoen bisitak egiten jarraituko dira, eta abenduaren 23tik urtarrilaren 6ra bitartean, hau da, Gabonetan, bisitak egoiliar bakoitzeko bi pertsonara zabalduko dira. Egoiliar bakoitzeko gutxienez astean bi aldiz ahalbidetzen jarraituko dira, gehienez ordubeteko iraupenarekin eta prebentzio-neurriak zorroztuz. Aurrez aurreko bisita horiek beste sistema alternatibo eta telematiko batzuekin osatu beharko dira, bideo-deiak edo bideokonferentziak kasu, eta horrelakoak areagotu egin beharko dira egun seinalatu horietan.

Nolanahi ere, zentroak maiztasun handiagoa eta bisita-aniztasuna baimenduko ditu, egoiliarraren zirkunstantzia pertsonalen, loturaren eta osasun-alertako egoera deklaratu aurreko dinamikaren arabera. Neurri horiek aldi baterako eten daitezke, osorik edo zati batean, zentroak covid-19 kasu positiboak erregistratzen baditu.

PASEALDI TERAPEUTIKOAK KANPOALDEAN

Pasealdi terapeutikoak "zona gorria" deritzonean ez dauden eta azken 14 egunetan 100.000 biztanleko 500 kasutik gorako intzidentzia metatua izan ez duten udalerri guztietan egingo dira berriro.

Egoitzaren inguruko espazio irekietan egingo dira, senitartekoek edo hurbilekoek lagunduta, ahal dela kanpoko pertsona berarekin, baina salbuespenak egin ahal izango dira inguruabarren arabera. Higieneari, norbera babesteari eta distantziei buruzko neurri guztiak zorroztuko dira, eta zentroko langileek gainbegiratu beharko dituzte neurri horiek.

IRTEERA BEREZIAK

Gabonetan, abenduaren 23tik urtarrilaren 6ra bitartean, egoitza-zentroetako erabiltzaileek, hala nahi izanez gero, euren senitartekoekin partekatu ahal izango dituzte Gabonetako jaiak. Irteeratzat hartuko dira gaua kanpoan igaroko dutenak eta gaua igaroko ez dutenak, baldin eta leku itxietan egiten badira eta kontaktu estua izateko aukera badute, egun horietako ospakizunetan ohikoak izaten diren inguruabarrak.

Irteera horiek aldez aurretik jakinarazi beharko zaizkio egoitza-zentroari, itzulera-protokoloan aurreikusitako mekanismoak aktibatu ahal izateko.

Zentzu horretan, Gabonetako jaietan senitartekoen etxeetara egiten diren irteera berezi horiei ingreso berri baten protokoloa aplikatuko zaie zentrora itzultzean: PCRa, isolamendua emaitza ezagutu arte eta 14 eguneko jarraipen prebentiboa.

Irteera bereziak bertan behera geratuko dira, baldin eta egoitza-zentroaren udal-eremuko edo irteeraren xede den udalerriko egoera epidemiologikoak 14 eguneko epean 100.000 biztanleko 500 kasu baino gehiagoko intzidentzia metatua badu.