BILBO. Bizkaiko interes historikoko lekuetara bisita gidatuak antolatzea helburu duen 'Ibilbide historikoak' programak Zin-bideko geralekuak bisitatzeko aukera eskainiko du irailaren 18, 19, 20, 26 eta 27an. Bizkaiko Foru Aldundiak antolatzen duen programa da.

Ibilbide historiko horrek Bizkaiko Jaunak Foruak zinatzeko egiten zuen bideari jarraitzen dio. Aukera ederra da gure komunitatearen historiaren atal garrantzitsu bat ulertzeko. Ibilbidea Bilbotik abiatzen da, ondoren Lezaman, Larrabetzun eta Gernika-Lumon gelditzen da, eta Bermeon amaitzen da. Bisitak bi modutan egin daitezke: oinez (hiru etapatan) edo autobusez.

Foru Aldundiak irailean jarriko du martxan Bizkaiko Zin-bidea, bisita gidatuaren formatuarekin. Bertan, Bizkaiko Jaunak foruak zin egiteko egindako bidea ibiliko da; izan ere, egintza hotsandiko funtsezko ekitaldi bat izan zen, eta garrantzi handia izan zuen iraganean erregearen eta bizkaitarren arteko harremana finkatu eta adostasunetara iristeko. Eraginak bizirik dirau gaur egun ere, eta gure lurralde historikoko berezitasuna definitzen laguntzen du.

Zin-bidea Bilbon hasten zen, Gernika-Lumo zuen erdigunea eta Bermeon amaitzen zen. Bizkaiko Foruak zin egiten ziren lekuak eta monumentuak bisitatuko dira.

Bi helburu nagusi dauzka bisitak: bata da gure historia ezagutaraztea; bestea, zehatzagoa, Bizkaiko Foruen funtsean barneratzea, bere ezarpen-mekanismoetako batzuk ulertzeko. Bisitetan araututa dauden higiene-neurriak eta prebentzio-neurriak bete beharko dira.

Informazio guztia eskuragarri dago web orrialde honetan. Erreserbak egiteko 688 856 689 telefonora deitu behar da edo mezu elektronikoa bidali behar da helbide honetara: ibilbideak@bizkaia.eus.