BILBO. "Era oso errazean herritarrek euskal abizena modu ofizialean euskaraz idatzita izan ahal dute eta hori egitera animatzen ditugu", adierazi du Juan Karlos Agirre Euskara Saileko zinegotziak.
Kanpainaren bidez, euskal abizena modu ofizialean eta leku guztietan euskaraz idatzita izateko eman beharreko hiru pausoak jasotzen dituen esku-orria banatuko da. Agirrek azaldu duenez, "aurten euskarazko abizena euskal grafiarekin idazteko kanpaina Euskara Aholku Batzordean landu dugu".
Horren ondorioz, bere esanetan, esku-orri hauek udal zerbitzuetan (Berhaz, Behargintza, Udal liburutegia, Kultur Etxea eta kiroldegia) eta bake epaitegian egongo dira, eta beste toki batzuetara ere zabaldu dira, besteak beste, ikastetxeetara eta anbulatoriora. "Horrela, eragile hauek 'Euskaraz gara' kanpainan inplikatu dira eta hori oso positiboa da, kanpainan parte hartuz euskararekin duten konpromisoa adierazteko modu bat delako", azpimarratu du.
Euskal abizena modu ofizialean eta leku guztietan euskaraz idatzita izateko eman beharreko hiru pausoak azaldu ditu Agirrek. Interesa duen pertsona, "lehenik eta behin, erregistro zibilera edo bake epaitegira joan behar da, eta abizena euskal grafiaz ipini nahi duela esan eta bertan emango dioten eskaera orria bete bere datuekin".
Halaber, agiri hauek eraman behar dira: nortasun agiriaren fotokopia (adinez nagusia ez denak gurasoena eraman behar du); hitzez hitzeko jaiotza ziurtagiria (epaitegian eskatzen da); errolda agiria (udaletxean eskatzen da eta adinez nagusia ez bada gurasoena beharko du); familia liburuaren fotokopia (familia edo seme-alabak baditu); eta seme-alaben nortasun agiriaren fotokopia, 16 urtetik gorakoak badira. Beraz, oso prozesu "erraza" dela adierazi du Agirrek.
KANPAINA "ERAGINKORRA"
Bermeoko Udalak 2010. urtetik egiten duen kanpaina hau "eraginkorra" dela adierazi du Agirrek, eta 2015ean 37 espediente izapidetu zirela gaineratu du. Hortaz, Euskara zinegotziak euskarazko abizenak dituzten herritarrei euskal grafiarekin idazteko pausoa emateko eskatu die, "garrantzitsua delako gure hizkuntzaren grafiaren arabera abizenak idatzita izatea".
Beste alde batetik, epaitegietan egiten diren beste izapide batzuk ere euskaraz egin daitezkeela azpimarratu du. Hala, bada, epaitegian erregistratzen diren jaiotza, ezkontza eta heriotza inskripzioetan, euskara erabiltzeko aukera dago. Hortaz, herritarrak inskripzio horietan euskara erabiltzera gonbidatu ditu.