Asteazken honetan, apirilaren 17an, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, Euskalduna Jauregiak Bilboko Udal Txistulari Bandaren denboraldiko azken kontzertua jasoko du. Emanaldian zirkua eta musika nahastuko dira. Sarrerak salgai daude dagoeneko.

Zirkozaurre konpainiak eta Gorka Ganso clown-ak agertokia kolorez eta alaitasunez beteko dute, Garazi Navas soinujolearekin eta Musikeneko (Euskal Herriko Goi-Mailako Musika Ikastegiko) txistu ikasleekin batera: Leire Retegui, Iker Sagalá, Aitor Álvarez eta Amaia Sanz.

“Sua piztuz” itxuraz desberdinak diren baina gauza komun asko dituzten bi mundu elkartzen dituen proposamena: zirkua eta euskal sustraiak. Emaitza konplizitatez betetako eszenaratzea da. Dotorea, magikoa eta harrigarria. Zuzeneko musikaren, malabare sinkronizatuen, aireko oihalen, uztaien, dantzen eta askotariko koreografien errepertorio entretenigarria duen muntaia. Sugarra piztu eta zentzumenak, emozioak eta sentimenduak argitzen dituen ikuskizuna 2023/2024 denboraldiari amaiera bikaina emateko Euskalduna Jauregian.

Bilboko Hilerriko III. Argazki Lehiaketa

Bestalde, larunbat honetan, apirilaren 20an, Bilbao Zerbitzuak Bilboko Hilerriko III. Argazki Lehiaketa ospatuko du, eta izena emateko epea ostiral honetan, hilak 19, amaituko da, 10:00etan.

Lehiaketa hilerria ikuspuntu ezberdinetatik erretratatuko duten profesionalei eta zaleei zuzenduta dago.

Lehiaketa 09:00etan hasi eta 14:00ak arte luzatuko da, eta Bilboko Udal Hilerriko kultura eta ondare arkitektoniko, artistiko eta paisajistikoa balioestea du helburu, irudiaren bidez hobekien sustatzen eta prestigiatzen duten argazkiak sarituz.

Parte hartzaileek izena eman ahal izango dute ostiral honetako 10:00ak arte, Bilbao Zerbitzuak-en webgunean horretarako irekitako atalaren bidez, eta apirilaren 20an sortu beharko diren bi lanekin, gehienez, lehiatu ahal izango dute.

Gaia hileta-artea izango da, adierazpenik zabalenean, eta garrantzi berezia emango zaie monumentu-, paisaia- eta berezitasun-alderdiei, hileta-sinbologiari eta ondare-balioari, bai eta Bilboko udal-hilerriko barrutian dagoen bake- eta harmonia-sentsazioaren pertzepzioari ere.