Bilboko Udalak martxan jarri du urian kirola sustatzeko helburua duen dirulaguntzen deialdi berri bat. Hala, astearte honetan, apirilak 25, Bilboko kirol klub eta entitateentzako, kirol-ekitaldietarako eta banakako kirolarientzako laguntzak eskatzeko epea irekiko da, eta zabalik mantenduko da maiatzaren 14ra arte.

Eskabideak Bilbao Kirolaken webgunearen bitartez aurkeztu beharko dira. Era berean, eskabide-inprimakiak, oinarriak eta deialdiari buruzko gainerako informazioa egongo dira webgune horretan.

Deialdia lau programatan banatzen da:

  • 1. programa (205.000 euro): Egiteko sozial eta federatiboa garatzeko, antolakuntza-irizpide espezifikoetarako, talde teknikoaren osaerarako, joan-etorrietarako, emakumeen presentzia sustatzeko, dibertsitate funtzionala duten pertsonen kirol-jardunerako, eta parte-hartzearen alorreko kirol-programetarako.
  • 2. programa (34.100 euro): Bilbon egiten diren eta Bilbon eragina duten kirol-ekitaldietarako, non herritar guztiek parte hartu ahal duten, kirol osasuntsua, aisialdikoa eta integratua bultzatzen den, eta hiria sustatzen den. Eta izaera puntuala duten, eta, gehienez ere, 8 egun irauten duten kirol-eremuko prestakuntza-ekintzetarako ere bai.
  • 3. programa (15.000 euro): Banako kirolarien jarduerari laguntzeko. Dirulaguntza hori eskuratu ahal izateko, Bilbon erroldatuta egon behar da —bi urteko antzinatasunarekin, gutxienez—, banako lehiaketazko kirola egin behar da, eta maila desberdinetako kirol-lehiaketetan parte hartu behar da (nazioarteko maila barne). Dirulaguntza ematerakoan, 2022an izandako emaitzak baloratuko dira.
  • 4. programa (10.000 euro): Bilboko udalerrian umeentzako kirol-jarduerak antolatzen dituzten pertsona juridikoentzat, ikasleen gurasoen elkarteentzat, kirol-klubentzat, ikastetxeentzat, eta ikastetxeekin lotura duten entitate edo elkarteentzat.