Azken urtean, 2022an, turistek Bilbon eta Bizkaian egindako batez besteko gastua 833 eurokoa izan zen, 2029ko gastua baino % 62,8 handiagoa. Horrela adierazten du asteazken honetan aurkeztutako Bizkaiko Turismoaren Behatokiak. Ekonomia Sustapeneko diputatu Ainara Basurkok eta Lurralde Lehiakortasun eta Turismoko zuzendari Cristina Mugicak izan dira datuak jakinarazi dituztenak.
Esandakoaren arabera, pertsona eta egun bakoitzeko, batez besteko gastu hori 171 eurokoa da, eta proportziorik handiena ostaturako (74,7 euro pertsona eta egun bakoitzeko, batez beste) eta jatetxerako (52,9 euro pertsona eta egun bakoitzeko) erabiltzen da.
Gure helmugara hurbiltzen diren pertsonen batez besteko gastu osoa (helmugako garraioa kontuan hartu gabe) desberdina da haien jatorriaren arabera. Hala, zifra hori zertxobait txikiagoa da Estatuko beste toki batzuetatik iristen direnen kasuan (820 euro), eta handiagoa atzerritarren kasuan (859,1 euro). Merkatuei dagokienez, atzerritarren artean, Erresuma Batutik (938 euro), Frantziatik (838,7 euro) eta Alemaniatik (818,9 euro) etorritakoek egiten dute gasturik handiena; eta Estatuko hainbat tokitatik etorritakoen artean, kataluniarrek (837,7 euro) eta andaluziarrek (836,9 euro).
Gastuaren igoera hori Bilbao Bizkaian turismoaren susperraldia baieztatzen den urtean gertatu da, 2019arekin alderatuta -pandemiaren aurreko urtea-, bai sarrera kopuruan, bai turistek lurraldean igarotako gauetan. Gehikuntza hori % 2,7koa izan da sarreren kasuan (1.658.858 guztira) eta % 1,6koa gaualdien kasuan (3.244.628). Batez besteko egonaldia 1,96 gauekoa da, hau da, 2019an baino 0,02 puntu gutxiago, orduan 1,98 gauekoa baitzen
Estatuko turismoak bere prebalentziari eusten dio atzerriarekiko, eta sarrera guztien % 61 da, % 5,6ko hazkundearekin 2019arekiko. Nolanahi ere, beste herrialde batzuetatik etorritako turisten kopuruak gora egin du 2021ean izandakoarekin alderatuta (% 140,2), eta horrek berretsi egiten du nazioarteko turisten sarrerak azkar suspertzen ari direla, Covid sartu aurreko urtekoen oso antzeko mailetan baitaude. Izan ere, iaz 645.402 pertsona iritsi ziren Bilbao Bizkaira beste herrialde batzuetatik, eta 2019an 656.064 iritsi ziren. Gainera, eskaera handiko hilabeteetan -ekainean, uztailean eta abuztuan- turista atzerritar gehiago sartu dira pandemiaren aurreko urtean baino.
Madril (% 22,5), Euskadi (% 20,5) Katalunia (% 12,9) eta Andaluzia (% 7,5) dira estatuko merkatu nagusiak, eta beste herrialde batzuetatik etorritako turisten % 39ren artean, Frantziatik (% 22,5), Alemaniatik (% 20,5), Erresuma Batutik (% 12,9) eta Italiatik (% 7,5) etorritakoak nabarmentzen dira.
Bilbo da turista gehien biltzen dituen tokia (guztizkoaren % 67,5), eta Bizkaiko eskualde guztietan 2021ean baino sarrera datu hobeak izan dira, nahiz eta kasu gehienetan ez diren 2019ko sarrera mailara iritsi. Pandemiaren aurreko urtearen aldean, Durangaldea (% 16ko igoera), Bilbo (% 8,69), Portugalete (% 8,34) eta Getxo (% 1,15) soilik hazi dira.
Fluxuen banaketari dagokionez, Bilboz gain (turisten % 88,2), Busturialdea-Urdaibai (bisita-lekua turisten % 68,1entzat lurraldean), Ezkerraldea (% 62,6), Eskuinaldea (% 60,9) eta Lea Artibai (% 34,6) izan dira eskualde bisitatuenak.
Bisitatzen gaituzten pertsonen profilari dagokionez, 47,2 urteko pertsonak dira, gehienbat bikotean bidaiatzen dutenak, beren burua klase ertainekotzat jotzen dutenak -nahiz eta beste herrialde batzuetatik datozenek Estatutik datozenek baino errenta-maila handixeagoak dituzten-, eta gehienek (% 77,1) hoteletan ostatu hartzearen alde egiten dute. Ia pertsona horiek guztiek (% 96,4k) Bilbao Bizkaiaren berri izan zuten bisitaren aurretik, eta hamarretik ia 7 lehenago ere izan ziren lurraldean. Bisita errepikatzen duten pertsonen artean, hirutik bik baino gehixeagok (% 67,9) etortzen dira bigarren aldiz, eta % 31,2k hiru eta bost aldiz egon dira aurretik.
Jarduera kulturalak (% 96,8), gastronomikoak (% 95,6) eta kaleko pasealekuak (% 92,6) dira, argi eta garbi, Bizkaiko turisten artean jarduera protagonistak 2022an, eta hori ohikoa da Bizkaiko Turismoaren Behatokiaren datuen historian. Kultura-jardueren artean, turistek egiten dituzten hiru jarduera nagusiak honako hauek dira: kultura-intereseko zentroak (% 93,6) eta museoak (% 90,7) bisitatzea, eta euskal kultura ezagutzea (% 87,3). Pintxoak jatea (% 99) eta euskal plater tipikoak jatea (% 93,9) dira gehien egiten diren jarduera gastronomikoak.