Uriako ostalaritza- eta merkataritza-establezimenduen digitalizazioa sustatzeko ekimenean aurrera darrai Bilboko Udala. Oraingo honetan, 'Bilbao Zurekin' izeneko kanpaina eta horren gaineko informazioa emateko triptiko bat kaleratuko ditu.

Hartara, Udalak 6.000 ale plazaratu ditu, eta hiri osoko saltoki, jatetxe eta elkarteen artean banatzen hasiak dira dagoeneko.

Bilboko Udalaren argitalpen honetan zehaztu den bezalaxe, “Bilbao Zurekin” zerbitzuaren helburu nagusia saltoki eta jatetxeei salmentak handitzen laguntzea da, merkatuan duten ikusgaitasuna eta bezeroen fidelizazioa handitzeaz gain, mezularitza-tresna profesional baten bitartez.

Zerbitzua erabat doakoa da, eta hasieran, atxikitako negozioen auditoretza digital pertsonalizatua lantzen da marketin digitalean trebatutako agenteen eskutik, kanal digitaletan (webgunea, sare digitalak, etab.) dituzten balizko hobekuntza-alderdiak zehazteko.

“Bilbao Zurekin” zerbitzuarekin bat egiten duten saltoki eta jatetxeek (epea azaroaren 30ean amaituko da) bezeroak fidelizatu eta erakartzeko mezuak landu eta planifikatuko dituzte, eta marketin digitaleko talde bat arduratuko da mezu horiek email edo SMS bidez bidaltzeaz. Aldian-aldian, lortutako emaitzak neurtuko dira abiarazitako ekintzen egiazko errentagarritasuna baloratu ahal izateko.

Informazio gehiago behar izatekotan, Bilboko Udalak bi aukera emango ditu. Alde batetik, Bilbao Zurekin ekimenaren webgune ofiziala, eta bestetik, 944205404 telefono zenbakia, goizeko 8.00etatik 15.00etara bitartean erabilgarri egongo dena.