Síguenos en redes sociales:

Udal Musika Banda Azkuna Zentrora itzuliko da ostiralean

Ostiral honetan, irailak 23, arratsaldeko 19.00etatik aurrera, Bilboko Udal Musika Banda Azkuna Zentrora itzuliko da Mario Ortuño Gelardoren zuzendaritzapean. Kontzertu hau denboraldiko bigarrena izango da udal bandarentzat.

“Argi eta iluntasun espazioak” izenburupean, Azkuna Zentrora hurbiltzen den publikoak obra oso ezagunez gozatzeko aukera izango du, hala nola Roque Bañosen “Twilight” eta Johan de Meijen “The Lord of the Rings”.

Era berean, gogoratu behar da zabalik dagoela Bilbao Musikako Orkestra Zuzendaritzari buruzko VII. Topaketetan parte hartzeko epea. Aurten, Isabelle Ruf-Weber irakasle suitzarra izango da irakasle gonbidatu eta epaimahaiburua. Ohi bezala, ikastaroa Jose R. Pascual-Vilaplana Bilboko Musika Bandaren zuzendari titularrak zuzenduko du.

2023ko urtarrilaren 10etik 13ra egingo diren topaketen helburua orkestra-zuzendaritza gaur egungo taldeetan ikastea sustatzea da, talde instrumentalak gidatzeko baliabide tekniko eta artistikoak eskaintzeaz gain. Mario Ortuño Gelardok bezala, irabazleak kontzertu bat zuzenduko du Azkuna Zentroan Bilboko taldearen 2023-2024 denboraldian.

Izen-emateak posta elektronikoz bidali beharko dira Bilbao Musikara, curriculum vitae batekin eta abonuaren frogagiriarekin batera, 2022ko urriaren 15a baino lehen amaiabilbao@bilbaomusika.eus helbidera.

Emanaldi honen ostean, jada urrian, Bandak Euskalduna Jauregiko kontzertu-zikloari ekingo dio bere dizdira guztiarekin, mundu osoko ikusleen artean obra erakargarrienetakoa den Carl Orffen "Carmina Burana" obrarekin.

Hitzordua urriaren 1ean izango da, 19:00etan, eta ahotsetan Olatz Saitua sopranoa, Carlos Mena kontratenorra, Toni Marsol baritonoa eta Igor Ijurrak zuzendutako Iruñeko Orfeoia izango dira protagonista.