BILBO. Aburtok parte hartuko du Anjel Lertxundiren "OTTO PETTE" obraren irakurketan. Goizeko 8:00etatik aurrera 400 pertsona baino gehiago txandaka irakutzen ari dira. Ekitaldia pantailen bidez jarrai daiteke, 20:00ak arte, Arriagaren kanpoaldean, Azkuna Zentroaren Atrioan edo EITBren web orriaren bidez.

Ekimen hau Bilbo Zaharra Euskaltegiak antolatua da, Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Laboral Kutxa bankuaren laguntzarekin.

Bilbo Zaharra Euskaltegiko ikasleek eta irakasleek urtero-urtero antolatzen dute Euskal Klasikoen Irakurketa Etengabea, ikasturteari amaiera emateko. Irakurketa pantailaz jarraitzeko aukera izango da, Arriaga Antzokiaren kanpoaldean eta Azkuna Zentroaren Kulturen Atrioan ezarritako pantailen bidez eta eitb.eus atariaren bidez.

Ekitaldia goizeko 08:00etan hasi da, Anjel Lertxundi berak hasiera eman diolarik, bere obraren lehenengo bi paragrafoak irakurriz. Ondoren, gizarteko esparru guztietako ordezkariak txandakatu dira OTTO PETTEren pasarteak irakurriz Arriagan. Juan Mari Aburto Bilboko alkateaz eta zinegotziez gain, hain izan dira Bizkaiko Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, Laboral Kutxako ordezkariak, Euskaltzaindiako presidente Andres Urrutia, EHUko eta Deustuko Unibertsitateko errektoreak, kirolariak, sindikalistak, kazetariak eta hedabide batzuetako eta besteetako kazetari eta zuzendariak, kultur eragileak, ostalariak, Gotzaindegiko ordezkariak, ikasleak eta irakasleak.

Klasikoaren irakurketa etengabea izan da 20:00ak arte, Arriagan. Beste hauek ere parte hartzen ari dira: Paris, Londres, Tokio, Montevideo, Kuba, Berlin, Txile, Sidney, Quebec eta munduko beste leku batzuetako Euskal Etxeak, pasarteak irakurriz haiek ere.

Bilbo Zaharraren euskararen festa musikarekin eta dantzarekin amaituko da, Gaztedi taldeak gidatuta Arriaga plazan izango den erromeria batekin, behin irakurraldia amaitutakoan. Festa honekin, Euskaltegiak omenaldia egin nahi die euskara ikasle guztiei, eta, gainera, klasikoak ezagutarazi nahi ditu. Horretarako, Bilbo Zaharrak euskaltegi, ikastetxe eta ikastolen esku jarri ditu Lertxundiren obrari buruzko hainbat unitate didaktiko.

Beste alde batetik, Zazpi kaleetako eta Abandoko metro-geltokietan, egun horietan, erakusketa bat izango da, aurreko klasikoen irakurketetako argazki, kartel eta testuekin.

OTTO PETTE

Otto Pette 1994ko maiatzean argitaratu zen, "Etorkizuneko klasiko bat" mezuarekin. Eleberria gaztelaniaz ere argitaratu zen, "Las últimas sombras" izenburuarekin, eta Erdi Aroan girotutako istorio konplexu bat kontatzen du. Pertsonaia nagusia, Baronet, bakarrik bizi da bere jauregian, bere gerlari iragan odoltsua gogoratuz. Egun batean, ezezagun bat etorriko zaio bisitan, atzerritar bat, mendekatzera. Sukaldeko mahaian jarrita, beren bizitzetako istorioak kontatuko dizkiote elkarri.

Hauek izan dira obra hau hautatzeko arrazoiak: hutsetik sortua izatea: pertsonaien konplexutasuna; botere-harremanak tratatzeko orduan agertzen duen maisutasuna; marrazten dituen emakume libre, zentzudun eta maratzak; hizkuntzaren baliabide eta esaundak erabiltzeko modu bikaina. Horrez gain, abentura-liburu bat ere bada, badu umorea, eta ekarpen handia egin dio literatur euskarari. Azken batean, liburua irakurtzea plazera delako.

Anjel Lertxundi (Orio, Gipuzkoa, 1948) euskal idazlerik oparoenetako bat da, eta onenetakotzat jo izan dute. Obra zabal eta luzea du, genero guztietakoa, hasi kontagintzatik eta saiakeraraino, haur eta gazte literaturaz eta itzulpenaz beste. 2010ean Literaturako Sari Nazionala irabazi zuen saiakeraren kategorian Eskarmentuaren paperak (Vida y otras dudas) lanarengatik.

Aurreko edizioetan irakurritako euskarazko beste klasiko batzuk: Kresala (Txomin Agirre), Gero (Axular), Peru Abarca (Mogel), Haur besoetakoa (Mirande), Hamiaka pauso (Saizarbitoria), Zergatik panpox (Arantza Urretabizkaia), Obabakoak (Atxaga), Harri eta herri (Gabriel Aresti), Narrazio guztiak (Sarrionandia), Metamorfosia (Kafka), eta % 100 Basque (Itxaro Borda).