BILBO. Bilbon egindako aurkezpenean jakinarazi dutenez, hitzaldira joateko sarrerak dagoeneko salgai daude Euskalduna jauregiaren web orrian (www.euskalduna.eus) eta ohiko lekuetan. Prezioa 11 euro da.

Messner-ek Asturiaseko Printzesa saria jaso du berriki, kirolari onenaren kategorian, eta mendiarekin duen esperientzia kontatuko du "Reinhold Messner. Ezinezkoaren lilura" hitzaldian. Txikon ere parte hartuko du saioan. Messner bera oxigenorik gabe Everest mendia lehenengo aldiz igo zueneko 40. urteurrena betetzen denean emango du hitzaldia alpinista italiarrak.

Alpinismoaren historiari buruz hitz egingo du, 13 menditan izan dituen esperientzietatik abiatuta, eta hitzaldian zehar ikusi ahal izango dira ordenagailuz prestatutako satelite irudien bidez.

Reinhold Messner ezaguna da Everest mendia oxigeno artifizialik gabe igotzen lehena izan zelako. 1978an egin zuen, eta 8.848 metrora iritsi zen Peter Jabeder austriarrarekin batera. Munduko 14 zortzimiletako gailurrak egiten ere lehena izan.

Orduan erabili zituen teknikak eta taktikak berritzaileak dira oraindik ere, eta haren gaitasun fisikoa apartekoa. Alpinismoaren eta eskaladaren historian gehien eragin duten bost pertsonen artean dago, eta aitzindaria da Dolomitetan, zazpigarren graduko arroka eskaladan.