Partidu bat bapeznako emai-tzeagaz amaitzen danean, ondorio garbi bi atara daitekez: alde batetik, lehiakide biek arazoak daukiezala aurkariaren atea zulatzeko eta bestetik, sendo ibili dirala euren atea defenditzeko orduan. Alde horretatik, nobedade nagusi bi izan ziran Athleticen atzealdean. Julen Agirrezabalak jokatu eban atean eta Marcelinok Dani Vivian ipini eban Iñigo Martinezen alboan atzealdeko erdialdean. Debutari biak izan ziran taldeko jokalari onenak ligako lehen partiduan. Atezainak hogei urte baino ez ditu baina heldutasun ikaragarria erakusten dau atepean. Unai Simon argi ibili beharko da titulartasuna galdu gura ez badau. Dani Vivianek denboraldi bikaina egin eban igaz Mirandesen eta zelaian erakutsitakoa ikusita, Yeray berak be arazoak euki leikez titulartasuna eskuratzeko. Zalantza barik, Agirrezabala eta Vivianen lan bikaina izan zan Martínez Valero estadioan jokatutako partiduan jaso genduan barririk onena.

Erasoko jokoa beste kontu bat da. Konpondu bako arazoa. Onartu beharra dago, Athleticen erasoko jokoak asko galtzen dauela Yuri eta Capa zelaian ez badagoz. Ganera, Elx taldeak bost atzelarigaz jokatuta ez eutsazan gauzak errez jarri talde zuri-gorriari. Berenguer, Muniain, Sancet -Raúl García zigortuta egoalako- eta Williams zelairatu ebazan Marcelinok erasora begira eta lehenengo ordu laurenean kenduta ez eben ia arriskurik sortu Elx taldearen atean. Luze jokatuta be, baloi guztiak aurkariarentzat ziran zuri-gorrien gaitasuna goiko baloietan benetan makala da-eta. Taldearen ezina nabarmena bazan be, entrena-tzaileak ez eban aldaketarik egin partiduaren azken txanpara arte. Beranduegi, nire uste apalean. Ordu laurenean edo zortzi minututan, Villalibrek edota Zarragak ezin dabe partiduaren norabidea aldatu, ondo berotzeko astirik be ez daukie-eta. Pentsa lei, Marcelinok ez daukala konfiantza handirik aulkiko jokalarietan.

Bartzelona dator datorren zapatuan San Mamesera eta esan beharrik ez dago zuri-gorriek Elxen baino hobeto jokatu beharko dabela hiru puntuak eskuratzeko aukerarik euki gura badabe behintzat. Aspaldiko partez, zaleak egongo dira Katedraleko harmailetan. 2020ko martxoaren 1ean euki eban Athleticek azkenengoz zaleriaren babesa bere estadioan. Kopako finalean jasotako jipoiaren mendekua hartzeko aukera ederra daukie Marcelinoren gizonek.