- Kantauriko eta Bizkaiko Golkoko urak ez daude munduko itsaso guztiak mehatxatzen dituen izurritetik libre. Izan ere, Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako Ingenieritza Eskolako Materialak+Teknologiak ikerketa taldearen lan baten arabera, Bizkaiko Golkoan jaso eta aztertutako uren eta sedimentuen laginen erdiak baino gehiagok mikroplastikoak agertu dituzte. Microplastics in the Bay of Biscay: an overview du izena ikerketak eta Marine Pollution Bulletin zientzia aldizkariak argitaratu berri du. Bizkaiko Golkoan mikroplastikoen presentziari buruz orain arte egindako ikerketa guztiak aztertzen dituen lehen artikulu zientifikoa da. Amaia Mendozak garatu du, egiten ari den doktore tesiaren barruan.

Aurkitutako mikroplastikoak 5 mm-tik beherako partikulak dira eta itsaso zabalean zein itsas-er-tzean daude. Iturri bitik sortuak dira: produktu eta aplikazio jakin batzuetan erabiltzen diren tamaina txikiko material plastikoak itsasora isurtzearen ondorioz -mikroplastiko primarioak deitutakoak-, edo objektu handiagoak zatitzearen ondorioz -bigarren mailako mikroplastikoak-. Partikula horiek itsas ingurunean duten ugaritasuna dela eta, gaur egun haien jatorria, presentzia eta mundu osoko gizakien osasunean eta espezieetan duten eragina ikertzen ari dira.

Mikroplastikoen izaerari dagokionez, polimero aurkituenak polipropilenoa, polietilenoa, poliesterra eta poliestirenoa dira, mundu mailan kontsumitutako material plastiko nagusienak hain zuzen ere. "Azterketen emaitzetan, zatiak eta zuntzak nagusi direla ikusita, ondorioztatu daiteke Bizkaiko Golkoko uretan dauden mikroplastikoen jatorria tamaina handiagoko objektuen zatikatzea dela nagusiki" diote azterketa egin duen ikerkuntza taldetik. Hala ere, ikerlarien ustetan " zaila da ikerketa-lanak konparatzea, metodologia ezberdinak erabili dituztelako". Hori dela eta, beharrezkotzat jo-tzen dute "itsas ingurunean mikroplastikoak monitorizatzeko metodo estandarizatuak adostea".

Mikroplastikoen ugaritasuna ingurumen-arazo kezkagarria da munduko itsaso guztietan eta zoritxarrez buru haustea gero eta handiagoa da. Zenbait azterlanen arabera, Bizkaiko Golkoa itsasoko zaborra metatzeko eremu bilakatu da. Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako ikerketa taldeak egindako lanaren arabera, aldakortasun handia dago mikroplastikoak noiz eta non banatuta dauden zehazteko orduan. Hori bai, ikerketa lana egiteko bildutako ur-laginen eta sedimentuen erdiak baino gehiagok mikroplastikoak agertu dituzte.

Amaia Mendoza, ikerketa honen egilearen tesi doktoralaren helburuen artean dago, Gipuzkoako kostaldeko zenbait hareatzetan eta Kontxako badiako uretan mikroplastikoen presentzia aztertzea. Horretarako, Donostiako Aquariumeko instalazioak erabili ditu. Halaber, eta AZTIrekin elkarlanean, material plastiko komertzial desberdinek benetako itsas baldin-tzetan jasaten duten degradazioa ere ikertu dute. Horretaz gain, behin bildutakoan, hondatze horrek hondakin horien ondorengo kudeaketan duen eragina ere aztertu dute.

Cristina Peñak zuzendutako proiektua da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumen eta Obra Hidraulikoen Departamentuaren laguntza izan du.

Ikerketa. Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako Ingenieritza Eskolako Materialak+Teknologiak ikerketa taldeak 'Microplastics in the Bay of Biscay' lana egin du.

Lehena. Bizkaiko Golkoan mikroplastikoen presentziari buruz orain arte egindako ikerketa guztiak aztertzen dituen lehen artikulu zientifikoa da,

5 mm-tik behera. Aurkitutako mikroplastikoak 5 mm-tik beherako partikulak dira, eta itsaso zabalean zein itsas-ertzean daude.