GASTEIZ. Atzo jarri ziren salgai abenduaren 26a eta urtarrilaren 5a bitartean zabalik egongo den Gasteizko Eguberrietako haur parkerako sarrerak. Bertan, txikientzako jarduera ugari egongo dira, eta sarrerak www.eventos.grupodisport.es webgunean eros daitezke.

Gasteizko Kultura eta Gizarte Etxeen zinegotzi Estíbaliz Cantok aurkeztu zuen prentsaren aurrean aurtengo parkea: “bidaia zoragarria da tradizioetan barrena, ezagunenetatik hasita urrunenetara, ilusioz eta “gabonetako espirituaz” kutsatutako jolas giro komunean bilduta, eta umeak zein helduak liluratuko ditu”.

Egitaraua

Cantok aurtengo berritasun handiena iragarri zuen. “Aurten, berritasun gisa, inaugurazio ekitaldia egingo da, Express your clown konpainiaren kaleko antzerkia, zehazki. Abenduaren 26an (osteguna) izango da, 11:00etan”.

Hegoalde barruko atrakzio eta jardueren artean, puzgarri handiak, ‘challenge pista’, ‘oihan abentura pista’ eta ‘multicircus trena’ nabarmentzen dira. Rokodromoa ere erabili ahalko da, eta kantxan agertokia jarriko da, animazioarekin.

Erakusketa aretoan jokoen zona jarriko da: kabina simulagailuak (‘cockpits’), errealitate birtuala, wii eta play station jokoak eta 4 miniarcade makina; azken horiekin, gurasoek erabili ohi zituzten bideojokoetan jokatu ahalko dute parte hartzaileek.

Bestetik, igerilekuan txirrista handia, txalupak eta piraguak izango dira, eta hainbat gairi buruzko lantegiak ere antolatu dira: birziklatzea, gabonetarako apaingarriak, sukaldaritza, kulturarteko dibertsitatea eta genero berdintasuna.

Orobat, bi zona berezi izango dira 0 eta 4 urte bitartekoentzat, elkartze aretoan eta gimnasioan, haien adinerako puzgarri eta lantegiekin.

Gizarte etxearen kanpoaldean tirolina handia jarriko da, iturriaren gainetik, baita aerogiro bat eta %D simulagailu bat ere, eta safari trena txikienentzat.

Antzerkia

Jesús Ibáñez de Matauco antzokian, berriz, zenbait antzezlan eskainiko dira arratsaldeetan, gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez.

Abenduaren 26an (osteguna), Irrien Lagunak konpainiak ‘Irriak plazan’ lana eskainiko du; hilaren 27an (ostirala), Tales from the box storytelling konpainiak ‘The Gingerbread man’ lana jokatuko du, eta hilaren 28an (larunbata) La Monda Lironda taldearen txanda izango da, ‘Desioak’ lanarekin.

Hilaren 29an (igandea), Ilusionisma-ren ‘The Ismagic Show’ antolatu da, eta hilaren 30ean (astelehena), Txirri, Mirri eta Txiribitonen ‘Xaguxarroski Kondea’ ikuskizuna.

Urtarrilaren 2an (osteguna), Dramagia konpainiaren ‘Mr. White, esan alakazam’ proposamenaz gozatu ahalko dute txikienek; hilaren 3an (ostirala), Apika taldeak ‘Mundu berri. Nol?’ aurkeztuko du, eta hilaren 4an (larunbata), Express your clown taldeak ‘La vuelta al día en 80 mundos’ antzeztuko du.

Egunak eta ordutegia

Eguberrietako parkeak abenduaren 26ko 11:00etan irekiko ditu ateak, eta urtarrilaren 5eko 14:00etara arte egongo da irekita.

Egunean bi saio izango dira, 11:00etatik 14:00etara, eta 16:30etik 20:30era (abenduaren 31n eta urtarrilaren 5ean, goizez bakarrik). Urtarrilaren 1ean itxita egongo da.

Sarrerak

Umeentzako sarrera 2,5 euro izango da goizean, eta 3 euro arratsaldean. Laguntzaileek euro bat ordainduko dute.

Enpresak web-orri bat eskainiko du sarrerak aldez aurretik erosi ahal izateko, gaurtik aurrera: www.eventos.grupodisport.es; horrek ez du gainordainik izango. Web-orrian erosten diren sarrerek lehentasuna izango dute leihatilan erositakoen aurretik.

Leihatila eta informazio-lekua gizarte etxearen kanpoaldean jarriko dira.